"Gero eta ageriagoa da erraustegia oso modu nabarmenean kutsatzen ari dela"
Martxa larunbatean izango da; 11:00etan abiatuko da Lasarte-Oriako Okendo plazatik, 'Erraustegia airea, ura eta lurra kutsatzen' lelopean.
Errausketaren Aurkako Mugimenduak –Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek babestuta– Zubietako erraustegira martxa bat egingo du larunbatean. Protesta honen bidez erraustegiaren inguruan izandako salaketa guztiak plazaratuko dituzte: erraustegiak Arkaitzerrekan eragindako kaltea, ToxicoWatch fundazioaren azterlanak ohartarazitako kutsadura, erraustegiak gehienezko kutsadura muga bi mila aldiz gainditu izana…
Agintariei erraustegia geldi dezatela exijituko diete: “Ez dezatela gehiago hondakinik erre, ez Zubietan, ez Añorgan, ez Bergaran eta ez inon”. Aurtengoa izango da Lasartetik martxa egiten den hirugarren urtea: “Erraustegiaren arduradun eta propagandistek erealitatea ukatzen jarraitu duten arren, azken hilabeteotan argitara ateratzen joan dira ezkutatutako egia deseroso batzuk. Horregatik, aurtengo martxaren leloa Erraustegia airea, ura eta lurra kutsatzen izango da. Izan ere, horixe ari da gero eta ageriagoan gelditzen, erraustegia oso modu nabarmenean kutsatzen ari dela”.
Erraustegiaren azpitik pasatzen den Arkaitzerreka izan dute hizpide agerraldian: “GHK-k, plantaren jabeak, kutsadura behin eta berriz ukatu duen arren, azkenean Ekondakin enpresari, erraustegiaren kudeatzaileari, espedientea ireki dio Arkaitzerreka kutsatzeagatik”. Halaber, Herbehereetako ToxicoWatch fundazioak egindako azterketen arabera, erraustegiak aire, lurzoru, ur eta landareak dioxinaz eta bestelako gai toxikoz kutsatzen dituela adierazi dute: “GHK-k ukatu du, ohi bezala, baina kontsortzioak berak urtero Jaurlaritzari aurkeztu beharreko Ingurumen Zaintzako Programaren barruan IDOM eta SGS konpainiek egindako azterketetan kutsadura aurkitu dute”.
Gogora ekarri dute Arantxa Tapia Azpiegituretako sailburuak Legebiltzarrean aitortu zuela erraustegiak ez dituela betetzen Jaurlaritzak ezarritako baldintza guztiak. Gainera, Unibertsitateko irakaslez osatutako Ekopol elkarteak egin duen txosten tekniko baten emaitza kezkagarriak nabarmendu dituzte: erraustegiak bi mila aldiz gainditu zuela gehienezko kutsadura-muga 2020an. GHKri eta Aldundiari leporatu die “ukazioaz eta propagandaz, beti diru publikoa lagun, erraustegiaren errealitate kutsatzailea ezkutatzeko pareta bat eraiki izana”. Halere, ohartarazi dute pareta horretan arrakalak “gero eta ugariagoak” direla. Egoera honen aurrean, martxara batzeko deia egin du Erraustegiaren aurkako mugimenduak.