Gipuzkoako Auzitegiak erraustegiak eragindako bi isurketak batera ikertzeko agindu du
GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ebatzi du Donostiako 5. zenbakiko Instrukzio Epaitegiari dagokiola erraustegiko isurketen ikerketa prozedura bakar batean egitea, 991/2020 aurretiazko eginbideetan. Horrela, arrazoia eman dio Fiskaltzaren eta GuraSOSen planteamenduari, bat datorrena 4. zenbakiko Instrukzio Epaitegiaren iritziarekin.
“Donostiako instrukzioko bi epaitegik (4. eta 5. epaitegiak) lurralde eskumen arazo bat zuten 2022ko uztailaren 13tik Arkaitzerrekan gertatzen ari den isurketa kutsagarriari dagokionez; hau da, bi epaitegiek ukatu egin zuten Ingurumen Fiskaltzak jarritako salaketa bideratzeko eskumena”, adierazi du elkarteak.
Auzitegiaren autoa irmoa da, eta haren aurka ezin da errekurtsorik jarri. “Une horretatik aurrera, Instrukzioko 5. zenbakiko Epaitegiak azarotik geldirik zuen ikerketa aktibatu beharko du. Zehazki, GuraSOS elkarteak 2022ko irailaren 14ko idazkian eskatutako hainbat eginbide gauzatzeko Fiskaltzak 2022ko urriaren 10ean egindako eskaerari buruz erabaki behar du. Eginbide horien bidez, polizia judizialaren esku uzten dira, batez ere, hainbat ikerketa-eginbide, delituaren inguruabarrak ikertzeko, aztarna edo froga materialak aurkitzeko eta begizko ikuskapena egiteko, ikertutako egitatea argitzen lagun dezakeen guztia deskribatuz”, nabarmendu dute.
Elkarteak dio “albiste positiboa” dela auzitegiaren ebazpena, “erraustegia sortzen ari den kutsaduraren ikerketa zuzen bideratzen duelako”. “Lehen urrats horretan, ikerketa bateratu eta sakona egitea lortu da erraustegiaren funtzionamendu okerrari buruz, horrek lurpeko eta azaleko uren kutsadura oso larria eta iraunkorra eragin du eta”, gaineratu dute.
Bestalde, ebazpenaren bi alderdi nabarmendu dituzte, “beti ere kontutan hartuta une prozesal honetan zantzuekin egindako baieztapenez ari garela”: “Lehenengoa, ingurumenaren aurkako ustezko delitua izateko kutsaduraren existentzia eta larritasuna bera da. Bigarrena, auzitegiak isurketa-gertakari horiek erraustegiaren funtzionamenduan dutela jatorria adierazi izana. Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak eta Foru Aldundiak behin eta berriz ukatu dituzte bi gai horiek, kutsadura bera eta horren jatorria erraustegiaren funtzionamenduan”.
Arduradun politikoek “egoera larria” aitortzeko eskatu du GuraSOSek, eta gizarte zibilarekin elkarrizketa prozesu bat abian jartzeko, “instalazioaren beharrezko kontrol demokratikoaren premisatik irtenbide bat aurkitzeko”.