Kontserbatorioa Easoko trenbidearen inguruan kokatzea proposatu du udalak
Easo kaleko Francisco Escudero Musika Kontserbatorioko hezkuntza komunitateak baldintza kaskarrak salatu ditu, eta “pazientzia agortu” zaiela eta, elkarretaratzeak deitu dituzte ostiral honetan, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzaren eta Donostiako Udalaren aurrean. Gaiaren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak esan du “argi” dagoela “eraikina ez dagoela egoera onean”, eta udala prest agertu dela beti “irtenbide bat” bilatzeko, baina gogorarazi du eraikina Eusko Jaurlaritzarena dela.
Alkateak azaldu du udalak Eusko Jaurlaritzari proposatu diola kontserbatorioarentzako eraikin berri bat eraikitzeko Easoko trenbidearen inguruan. Goiaren aburuz, hori izan daiteke irtenbiderik aproposena, Easoko trenbidearen eremua ere Jaurlaritzarena delako. Kontserbatorioa suhiltzaileen eraikin zaharrean kokatzeko aukeraren aurrean, alkateak esan du hori ez dela aukera bat, udal jabetzakoa delako eta udalak asmoa duelako etorkizunean bertan zentralizatzeko udal zerbitzuak. Izan ere, gogorarazi du Hirigintza sailak San Martin kalean duela gaur egun egoitza, udalaren jabetzakoa ez den eraikin batean.