Loiolako TAO-a maiatzaren 2an sartuko da indarrean
Hurrengo asteartean, maiatzaren 2an, Loiolako TAO zerbitzua indarrean sartuko da, Eneko Goia alkateak azaldu duenez. Hori dela eta, udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak TAO zerbitzua kudeatzeko kontratuaren aldaketa onartu du, prezioa %2,14 igoz. Loiolako TAO gune berria ez ezik, Aieteko Melodi zonakoa ere hartzen du aintzat kontratuaren aldaketak, alkateak azaldu duenez, Loiolakoa indarrean sartu eta bi aste ingurura sartuko baita indarrean Melodikoa.
Goiak gogorarazi du Loiolan TAO zerbitzua ezartzea “bizilagunen eskaera” izan zela, auzoan aparkatzeko arazoei aurre egiteko. Alkatearen arabera, Loiolan topoaren geltokia egoteak herritar asko eramaten ditu auzoan aparkatzera, ondoren topoa hartzeko. Hori da, Goiaren hitzetan, auzoan aparkatzeko arazoa egotearen arrazoietako bat, eta, ildo horretatik, Loiolako bulebarizazioa ere aipatu du. Melodi zonaren kasuan, Aieteko anbulatorioa eraiki zenetik areagotu dira aparkatzeko arazoak, Goiaren arabera.
Loiolako eta Melodiko bizilagunek martxotik eskatu ditzakete egoiliarrentzako txartelak, eta alkateak azaldu du 323 txartel eskatu direla dagoeneko. Hala ere, 1.000 bat eskaera jasotzea aurreikusten du udalak. Loiolako TAO gune berriko seinaleak pintatuta daude eta makinak jarrita daude, eta maiatzaren 2an kontrolatzen hasiko badira ere, “lehenengo egunak proba egiteko” izango dira, eta kontrolak “izaera informatiboa” izango du.