Lorategi Hiriko lehenengo etxebizitzak eraikitzeko baimena eman du udalak
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak onartu egin du Britac Proyectos S.L. enpresari lizentzia ematea Loiolako Lorategi Hiriko lehenengo etxebizitzak eraikitzeko. Zehazki, 70 etxebizitza, garaje, trasteleku eraikiko dituzte, eta baita erabilera tertziariorako eremuak ere. Gehienez, bi urteko epean eraiki beharko dute hori guztia. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, udalak aurreikusten du datozen asteotan Lorategi Hiriko gainontzeko eraikuntza lizentziak onartzea.
Lorategi Hiriak 66.869 metro koadro ditu, eta 264 etxebizitza eraikiko dituzte eremu horretan (%40 babestuak). Halaber, 6.000 metro koadro erabilera tertziariorako, ekipamenduetarako, kirol kantxetarako eta aparkaleku bat jartzeko erabiliko dituzte, eta azalera osoaren %42 berdeguneetarako bideratuko dute. Horrez gain, bide berriak sortuko dituzte eremu horretan, inguruko auzoekin lotzeko. Proiektu osoaren aurrekontua 16.846.619 eurokoa da.
Ibaiaren kontra dauden eraikuntza batzuk eraitsiko badituzte ere, Hiri Lorategiko etxebizitzak mantenduko dituzte. Izan ere, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia aldatu zuen udalak martxoan, eta Hiri Lorategiko etxe-multzoa babestutako eraikinen katalogoaren barruan kokatu zuten.
Urumearen ibarreko proiektuak
Alkateak nabarmendu du Lorategi Hirian eraikitzeko lehenengo lizentzia emanda, “Loiolako eremu horren berroneratzeari bultzada” emango diotela, “hirigune berri bat sortzeko eta Urumearen inguruneari balioa ematen jarraitzeko”.
Ildo horretatik, Goiak azaldu du hurrengo legealdia “erabakigarria” izango dela Urumearen ibarrean egiteke dauden proiektuentzako: Txomiñeneko hurrengo faserako, Loiolako kuartelen eremurako, eta abar. Kuartelen harira, hain zuzen ere, esan du oraindik ez dutela akordioa sinatu –martxoaren bukaeran edo apirilaren hasieran sinatzekoak ziren–, “administrazioa horrelakoa delako”. Hala ere, espedientea prestatzen ari direla nabarmendu du.