Merkataritza txikia udal politika publikoen erdigunean jarriko duela dio Corominasek
Borja Corominas PPko alkategaiak agerraldia egin du astearte goizean Erdialdean, Donostiako merkataritza txikiari buruz hitz egiteko. Azaldu du 2008tik 1.300 saltoki txiki itxi dituztela Donostian, eta hori udal gobernuaren politiken ondorio dela: “Udal gobernuak merkataritza gune handien alde egindako apustuak merkataritza txikia kaltetzen du eta bezero potentzialak kanporatzen ditu”. Horregatik, konpromisoa hartu du udal politika publikoen erdigunean merkataritza txikia jartzeko, haren aburuz, “balioan” jarri behar baitira auzoetako denda txikiak. Merkataritza gune handien aldeko politikak kritikatu baditu ere, gogoratu behar da PPk 2018an –Corominas orduan ez zen zinegotzi– babestu egin zuela Garbera merkataritza zentroa handitzeko proiektua.
Horrela ere, alkategaiak nabarmendu du “Donostiako saltoki txikien potentziala izugarria” dela: “Funtsezko rola dute hiriaren garapenean eta hazkundean, baita hiriaren nortasunean ere”. Gaineratu duenez, “Kontxak, Zinemaldiak eta uda donostiarreko galernek” bezain beste “aitorpen eta miresmen” dauka hiriko merkataritza txikiak.
Esan duenez, konfinamendua bukatu zenetik, hiriko 1.200 saltoki txiki bisitatu ditu, eta gelditzen zaizkionak bisitatzen jarraitzeko asmoa du, horri esker, “merkatarien kezkak zuzenean ezagutu” ahal izan dituelako eta “sektorea hobeto ezagutu” duelako. Dioenez, merkatari guztiek arazo bat dute komunean: “Guztiek duten arazo bat da gobernariek abandonatu dituztela sentitzen dutela. Izan ere, harritu egin dira nire bisitekin, eta esan didate ez zutela inoiz zinegotzi baten bisitarik jaso”.
Ildo beretik, “merkataritza gune handien aldeko apustuak” eta “mugikortasun politika publiko katastrofikoek” ere kezkatzen dituzte merkatariak, PPkoaren hitzetan. Era berean, salatu du Donostiako merkatariek “Espainiako eta, noski, Gipuzkoako edozein merkatarik baino zerga gehiago” ordaintzen dituztela. Halaber, udal gobernuaren “enpatia falta” deitoratu du: “Ezin da zanga bat ireki Erdialdeko kale komertzial batean zuntza jartzeko, Zinemaldi bete-betean, adibidez”.
Horren guztiaren aurrean, merkataritza txikia politika publikoen ardatza izan behar dela aldarrikatu du, eta udal gobernura iritsiz gero, hori egiteko konpromisoa hartu du. Ordea, ez du neurri zehatzik proposatu, ezta merkataritza txikia udal politika publikoen erdigunera nola eramango duen zehaztu ere.