'Zinegotzi baten azalean' bideoa aurkeztu du Donostiako Gizarte Kontseiluak
Donostiako Gizarte Kontseiluak bideo sorta bat prestatu du euren eguneroko lana eta bertako kideak donostiarrei hurbiltzeko eta ezagutarazteko asmoz. Datozen hiletan, pixkanaka argitaratuko dituzte.
Gizarte Kontseilua hiriarekiko ikuspegi eta interes ezberdinak dituzten erakundeekin eta norbanakoekin osatutako taldea da, donostiarren bizi kalitatea hobetzeko eta haien arteko kohesioa sustatzeko lan egiten duena.
Kontseilua 77 lagunek osatzen dute egun, hala nola, udaleko eta hirian eragiten duten gainerako instituzioetako ordezkariek; hezkuntzaren, kulturaren, kirolaren, zientziaren eta beste hainbat alorren inguruan jarduten diren erakundeetako arduradunek; hiriko hedabideetako zuzendariek; hiriko sindikatu nagusietako ordezkariek; hainbat auzo elkartetako arduradunek; hiritarrek; eta orotariko gaiak lantzen dituzten kontseiluetako kideek.
Lehendabiziko bideoaren protagonistak udaleko eta Gizarte Kontseiluko bost zinegotzi dira: Eneko Goia alkatea (EAJ), Marisol Garmendia (PSE-EE), Markel Ormazabal (EH Bildu), Aitzole Araneta (Elkarrekin Donostia) eta Borja Corominas (PP). Haien eguneroko jarduna eta Gizarte Kontseiluko kide izateak egiten dien ekarpena izan dute hizpide ikus-entzunezkoan.