Bidebieta auzoa esploratuko dute Jane Jacobsen begirada kritikoarekin
Munduko hainbat hiritan egiten duten moduan, Jane Jacobs urbanistaren jaiotzaren urtemugarekin bat eginda (1916ko maiatzaren 4an jaio zen, AEBetan), Donostian ere Jane-en ibilaldia egingo dute maiatzaren 6an. Jane Jacobs gogoan, Bidebieta auzoa esploratu eta behatuko dute. Donostiako Impact Hub-eko Alvaro E. Olaizek eta Victor Aspek gidatuko dute ‘hiri safaria’, eta ibilaldiarekin bat egin dutenei begirada zorrozteko gonbitea egingo diete. Haiek gidatuko dute ibilaldia, baina parte hartzea irekia da, eta ibilaldian edonork hartu dezake hitza.
Ontziralekua, baserriak, ur biltegiak, mendiko tunelak, 36ko gerrak eta frankismoak eragindako zauriak… hori guztia eta gehiago gordetzen du Bidebietak. Urte luzez nekazaritza eremua izan zena, industriagune bihurtu, eta auzoa ikaragarri eraldatu zen. Eraikin luzeek deitzen dute arreta Bidebietan. Francisco Franco bera joan zen auzora dorre horiek inauguratzera, 1967ko irailean. Kontuak hala, frankismoaren aurretik baserri batzuk baino ez zuten osatzen auzoa, bere arrantza portu eta guzti.
Ibilaldia Herrerako topoaren geltokian hasiko da, 09:30ean, eta handik abiatuta auzoko hainbat gunetan geldituko dira: Kontadores, Gomistegi baserria, ur biltegiak, tiro eremua, Alai taberna, La Asuncion ikastetxea eta Parada baserria, besteak beste.
Urteak daramate auzoz auzo ibilaldiak egiten. Iaz, adibidez, Intxaurrondon zehar ibili ziren.