Gipuzkoako metalgintzan mugarik gabeko negoziaketa aldarrikatu du LABek ADEGIren egoitzan
Gaur goizean LAB sindikatuak protesta bat egin du ADEGIren Donostiako egoitzan, “behingoz, Gipuzkoako metalgintzan proposamen oso bat egiteko exijitzeko”. Negoziaketan sei bilera egin dituzte, “eta ADEGIk oraindik ez du proposamen osorik ekarri”. Patronalaren jokabidea salatu dute: “Haiek erabakitzen dute negoziaketan zertaz eta noiz hitz egin behar den eta hau onartezina da. Bada garaia behingoz benetako negoziaketari ekiteko eta beraien proposamena mahai gainera ekartzeko”.
Gipuzkoan metalgintza sektoreko datuak onak direla dio sindikatuak; enpresek irabaziak izan dituzte eta dibidendu banaketak ere egon dira. “Sortutako aberastasunaren banaketa bermatuko duen akordioa behar dugu, KPIa bermatuko duena, lanaldi murrizketa, aldi baterako ezgaitasunen osagarriak eta baimenetan aurrera pausoak jasoko dituena eta malgutasunari mugak jarriko dizkiona, beste gauza batzuen artean, eta lortu arte borrokan jarraituko dugu. Bide horretan beste sindikatuei ere borrokarako deia luzatuko diegu”, adierazi dute.