Maiatzaren 3an irekiko dute Behobia-Donostiaren izen emate orokorra
Datorren asteko asteazkenean, maiatzaren 3an, 58. Behobia-Donostia herri lasterketan parte hartzeko izen emate orokorra irekiko dute, eta irailaren 20ra arte egongo da zabalik. Martxoan ireki zuten izen ematearen lehen fasea, ohiko parte hartzaileentzako –azken bost urteetan hiru aldiz atera direnak–. Fase hori itxita, edonork eman ahalko du izena maiatzaren 3tik aurrera; korrikalariek zein patinatzaileek. Probaren webgunearen bidez eman daiteke izena.
Azaroaren 12an izango da 58. Behobia-Donostia, Fortuna kirol elkarteak antolatuta, eta, ohiko legez, Behobiatik Donostiara dauden hogei kilometroak zeharkatuko dituzte parte hartzaileek. Behobia-Donostiak helburu argi bat dauka 2025erako: parte hartzaileen erdia emakumeak izatea eta beste erdia gizonak. Gaur egun, parte hartzaileen %24 inguru izaten dira emakumeak, eta lasterketa “parekidea” izatea nahi du Fortunak. 2023ko Behobia-Donostiarako orain arte izena eman dutenen %21,5 dira emakumeak.