Parte Zaharreko bizilagunek zarataren aurkako protesta egin dute
Zaratari Buruzko Kontzientziazioaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta Parte Zaharrean Bizi Elkarteak protesta bat egin du zarataren kontra. Hainbat hiri batu dira zarataren aurkako kanpainara, eta Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko geografiako beste hiriburu batzuetan ere minutu bateko isilunea egin dute eguerdian. 1996an sortu zen zarata edo kutsadura akustikoaren inguruan kontzientziatzeko eguna, eta geroztik, gero eta indar handiagoa hartzen ari da. Besteak beste, 7 Ordu Lo plataforma osatu zuten Bilbon iazko urte bukaeran, arazo berari aurre egiten dioten Durangoko, Barakaldoko, Gasteizko eta Donostiako bizilagunen beste elkarte batzuekin.
Parte Zaharreko bizilagunek gaueko aisialdiak eta turismoak eragindako zaratari egin behar diote aurre egunero. Auzo elkarteak adierazi du protesta gehiago egingo dituztela, eta politikariek zarataren arazoa euren agendan sartzea dutela helburu. Era berean, udaleko talde guztiei adierazpen instituzional bateratu bat egiteko gonbita egin diete, “pertsona guztiek hiri ingurumen osasuntsuago batean bizitzeko duten eskubidearen defentsan, zarata eta kutsadura akustikoa murrizteko helburuarekin”.