Zazpi pertsona epaituko dituzte, zazpi emakume Donostian prostituitzera behartzea leporatuta
Bost gizon eta bi emakume epaituko dituzte Gipuzkoako Justizia Auzitegian, zazpi emakume Donostiako zenbait etxebizitzatan prostituitzera behartzea leporatuta. Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera, Fiskaltzak 4 eta 158 urte arteko kartzela zigorrak eskatzen ditu akusatuentzat, auzian duten inplikazio mailaren arabera. Zazpi emakumeak jatorri venezuelarrekoak dira; akusatuei dagokienez, batzuen jatorria Espainiako Estatukoa da, eta beste batzuena Venezuelakoa. Epaiketak hainbat lekuko babestuk hartuko dute parte.
Akusatuen artean bi airelinea erregularreko pilotu bat eta Burgosko landa ostatu bateko arduradun bat daude. Ustez, pilotuak hegazkin txartel merkeagoak eskaintzen zizkion emakumezkoen salerosketagatik epaituko duten taldeari, eta Burgosko landa ostatuko arduradunak erreserba faltsuak egiten zituen, emakumeak turismoa egiteko zetozelako irudia emateko. Efek argitaratutakoaren arabera, gertakariak 2017. eta 2019. urteen artean izan ziren, eta sexu esplotaziorako ez ezik, droga trafikorako ere erabiltzen zituzten emakumeak. Oraindik ez dute zehaztu noiz izango den epaiketa.