Belarra moztu dute bizilagunek Sahatsa eremuan

Erriberak Martxan auzo elkarteak bultzatuta, hainbat bizilagunek belarra moztu dute Loiolako Erriberako Sahatsa eremuan. Urtarrilean zuhaitz landaketa bat egin zuten leku horretan, eraiki nahi dituzten dorreen proiektuari aurre egiteko. “Gure aldarrikapena irudikatzen duen landaketa zaintzeko, Sahatsa eremuan hazi diren belarrak moztu behar dira”, nabarmendu zuten. Haritzalde naturzaleen elkarteko kideak ere bertan izan ziren, bizilagunei laguntzen.
Erriberak Martxaneko kideek hedabide honi azaldu diotenez, bertako zuhaitz batzuk hil egin dira dagoeneko, baina datorren urtean gehiago landatzeko asmoa dute. “Asko handitu diren sasi inbaditzaile batzuk kendu genituen, eta lorezainek inguruko belar guztia moztu dute, autobide azpikoa eta errepidearen bazterrean geratzen den guztia. Hori normalean ez dute mozten, abandonatuta uzten dutelako beti, baina guretzat oso garrantzitsua da, belarra asko hazten delako. Normalean, urtean bitan mozten dute, baina gehiagotan egin beharko lukete”, adierazi dute. Egindako lanarekin “pozik” agertu dira bizilagunak.