Dbus izan da estatuko hiri autobusetan 5G konexioa jarri duen lehen mugikortasun operadorea
EAEn garatu den lehen 5G proiektu pilotua da 5G Euskadi, eta bere helburua Euskal Herriko enpresa eta zentro teknologiko nagusien berrikuntza eta eraldaketa industriala bultzatzea da. Proiektuan hamahiru agentek parte hartu dute eta bederatzi erabilera kasu inplementatu dituzte. Kasu horietako hirutan Dbusek hartu du parte.
Gaur aurkeztu dute proiektua, eta ekitaldian, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari laguntzaileak, 28-Amara-Ospitaleak linean, EAEn erabiltzaile gehien erregistratzen dituen hiri autobuseko linean, autobusetan ezarritako 5G teknologia aurkeztu du. Zehazki, autobus barruan doazen erabiltzaileei eskaintzen zaien wifi konexioa hobetzeko zein autobusetako bideozaintza sistema hobetzeko erabili da teknologia hori.
Dbus izan da estatuan bere hiri autobusetan 5G konexioa ezarri duen lehen mugikortasun operadorea. Garapena bi fasetan egin da: lehenik, Ursalink ur75 routerra instalatu da, eta, bigarrenik, ekipamendua ezarri da, autobusetan jarritako neurketa ekipoetan hardware eta software egokitzapenak eginda. Azkenik, 5G ekipamendu hori Donostiako hiri sareko hamar autobusetan instalatu da.
Dbusen garapen hau Transport Ticketing Global sarietan munduko enpresa berritzaileenetakotzat aitortua izan da.
Horrez gain, proiektuaren barruan, Dbus definitzen aritu da 5G sarea autobusaren barne aldagaien monitorizazioan aplikatzeko betekizunak, matxura izan dezaketen elementu kritikoak nola dauden identifikatu ahal izateko, ibilgailuaren mantentze planak optimizatzeko eta geldialdi denborak minimizatzeko.