Larratxoko ekipamenduetan, proiektu ekonomikoetan eta mugikortasunean inbertitu nahi du EH Bilduk
EH Bilduren alkategai Juan Karlos Izagirrek agerraldia egin du ostegun arratsaldean Larratxoko plazan, Txingurri eremua biziberritzeko eta Larratxoko sarrera eta irteera berrantolatzeko proposamenen berri emateko. Izagirrek nabarmendu du historikoki ez zaiela behar bezala erantzun auzoetako beharrei, “inbertsio gehienak erdigunean egiten direlako”. “Auzoetan, soilik bizilagunen jarrera aktiboaren eta mobilizazioaren bidez lortu ahal izan dira oinarrizko zerbitzuak ekartzea, eta Larratxo eta, oro har, Altza dira horien lekuko” gaineratu du. Ordea, auzo horiek “lo auzo” bihurtzen ari direla deitoratu du alkategaiak, eta aldarrikatu du “garaia” dela “auzo hauek udal politiken erdigunera ekartzeko, ekipamenduetan, proiektu ekonomiko traktoreetan eta mugikortasunean inbertsio berriak eginez”.
Horrela, koalizio abertzalearen eredua zein den azaldu du Izagirrek: “Azken hilabeteotan, EH Bildu Europako hainbat hiritako esperientziak aztertzen aritu da, eta gune degradatuak nola biziberritzen diren ikusi dugu. Zenbait kasuetan, jarduera ekonomikoa eta eremu horietan bizi diren bizilagunentzako ekipamenduak uztartzen jakin dela ikusi dugu, ekonomikoki bideragarria dela eta natura eta ondarea errespetatuz egin daitekeela. Hori da gure eredua”. “EH Bilduk auzo bizigarriak nahi ditu, komertzioekin, bidegorriekin, lanpostuak sortuz eta bizilagunen aisialdirako eta berdeguneak bermatuz. Horixe nahi dugu eremu honetarako ere. Eta beti bezala egingo dugu: Altzako bizilagunekin batera”, gaineratu du.
Hiru esku hartze
Altzan eta, bereziki, Larratxon hiru esku hartze egiteko konpromisoa hartu du Izagirrek: Txingurri eremua biziberritzea, Larratxoko irteera eta sarrera berrantolatzea eta GI-20 saihesbidearekin lotura berriak sortzea.
Txingurri eremuari dagokionez, Izagirrek azaldu du 44.000 metro koadroko eremu horren “berrantolaketa integrala” egiteko aukera dagoela, zenbait lantegi itxi baitituzte: “Egungo udal gobernuak etxebizitza eraikitzeko egin duen apustuaren aurrean, EH Bildutik erabileren nahastura baten alde egiten dugu: ekonomia jarduera jasangarriak kokatzeko industria eremua mantenduz, Altzakoentzako hiri ekipamendu berriekin eta berdeguneekin, eraikin batzuk kontserbatuz eta beste batzuk eraitsiz”.
Larratxoko sarrerari eta irteerari buruz, alkategaiak “ezinbestekotzat” jo du “Larratxori arnasbide bat ematea, espazioak zabaltzea”: “Auzoko irisgarritasuna berrantolatzea proposatzen dugu: lotura berde baten bidez sarrera eta irteera egokiak sortuz oinezkoentzako eta bizikletentzat. Esku hartze konplexua da, baina uste dugu Larratxori zor zaiola”.
Azkenik, GI-20 saihesbidearen loturen esku hartzeak lotura zuzena dauka EH Bilduk saihesbide hori eraldatzeko aurkeztutako proposamenarekin, saihesbidea hiribide bihurtzea aurreikusten baitu proiektu horrek. Horrela, eraldaketa horrek eskainiko lituzkeen aukerak “aprobetxatu” nahi ditu Izagirrek, “auzoko irisgarritasuna eta, beraz, bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko. Izan ere, saihesbidea duela 50 urte baino gehiago eraiki zen, eta Txingurri eta Larratxo Intxaurrondotik banatuta geratu ziren lubaki horren bidez”.
Eraldaketa horrek zonari nola eragingo liokeen azaldu du alkategaiak: “Oinezkoen eta bizikleten mugikortasunari dagokionez, bide berdea sortuko dugu, Larratxo, Herrera eta Altza osoa hiriarekin lotzeko. Zehazki, Rich inguruan bidegorriak eta oinezkoentzako bideak eraikiko ditugu. Izan ere, egungo saihesbidea ordezkatuko duen hiribide berriak hamaika kilometroko bidegorria izango du, Altza Antiguarekin eta Zuatzu eta Igara eremuekin zuzenean lotzeko, baita Egia eta Loiolako Erriberekin ere. Garraio publikoari eta ibilgailu pribatuari dagokienez, aldaketa horrek ekarriko duen trafikoa baretzeak bide emango du sarrera eta irteera berriak egiteko, bai industrialdera, bai Larratxora”.