Matxura bat dela eta, geldirik dago Zubietako erraustegia
GuraSOS plataformaren arabera, Zubietako erraustegia geldirik dago apirilaren 17tik, sorkuntza elektrikoko matxura batengatik. Siemens turbosorgailuak egiten du lan hori, sorkuntzaren interkonexioaren ziega batzuekin batera. GuraSOSek azaldu duenez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez diete matxura horri buruzko informaziorik eman hondakinak biltzeaz arduratzen diren mankomunitateei. GHK-k zabaltzen dituen datu publikoen arabera, duela egun batzuetatik hona ez da agertzen funtzionamenduaren daturik erraustegiaren bi lerroetako bakar batean.
Hainbat iturri kontsultatu ostean, GuraSOSek jakin du sorkuntza elektrikoak huts egin duela. GHK-k aitortu du erraustegian “matxura elektriko txiki bat” izan dela, baina horrek ez duela ondorio larririk esan du. Horrez gain, hondakinak “normaltasunez hartzen eta kudeatzen” ari direla gaineratu du. “Matxurak ez dauka garrantzia handirik. Profesionalak hura konpontzeko lanean ari dira, ahalik eta lasterren martxan egon dadin berriro ere”, adierazi du GHK-k.
GuraSOSek gogorarazi du ez dela Zubietako erraustegian matxura larri bat dagoen lehen aldia. Bi labe galdaretan homologazio arazoak izan zituztela nabarmendu du, eta aldiro “programatu gabeko etenak” izaten dituztela.