"Babes neurririk gabeko" osasun etxea
Groseko Koruko Andre Mariaren anbulatorioan zaharberritze lanak egiten ari dira, birgaitze energetikoko jarduketa bat egin nahi dutelako. Ancorak salatu du lan horien ondorioz eraikinaren irudia nabarmen aldatuko dela, babes faltaren ondorioz.
Koruko Andre Mariaren osasun etxearen eraikinak ez duela “babes neurri egokirik” salatu du Ancorak orain dela gutxi. Fatxada aireztatzeko instalazioak jarri nahi dituzte bertan, eta lan horien bidez Groseko paisaia “azkar” aldatuko dela uste dute. Groseko osasun etxeak bederatzi solairu ditu, eta erretikuludun fatxadak nazioarteko estiloari “erreferentzia nabarmena” egiten zion, Ancorak dioenez.
Lan Ordezkaritzaren Gaixotasun Aseguruaren Anbulatorioa izenez ere ezaguna da, eta 1963ko abuztuaren 23an zabaldu zituen ateak. Jesus Romero Gorria Lan ministroak inauguratu zuen, garai hartako beste hainbat goi kargurekin batera; besteak beste, Manuel Valencia Gipuzkoako gobernadore zibila eta Nicolas Lasarte, orduko Donostiako alkatea. Ekitaldi horretan, Valladolideko Jose Garcia Goldaraz artzapezpikuak bedeinkatu zuen eraikina.
Eraikuntza 1960an bultzatu zuen Aurreikuspen Institutu Nazionalak, eta mota horretako ekipamenduetan espezialista baten esku utzi zuen. Egilea Eduardo de Garai arkitektoa izan zen, eta lanek 26.498.311,64 pezetako aurrekontua izan zuten. Honakoa diote garai hartako kronikek: “Gaixotasun Aseguruaren Anbulatorioa, zalantzarik gabe, gure garaiko konkista sozial handienetakoa da. Beharrezkoa da medikuei eta langileei egungo osasun laguntza garestia ahalbidetzeko, haiek diagnostikorako eta tratamendurako bitarteko egokiak izan ditzaten”.
Osasun etxearen zerbitzuak
6.797 metro koadroko azalera du guztira Groseko osasun etxeak. Inaugurazioaren eguneko kroniken arabera, “material sanitarioko instalaziorik modernoenak ditu, eta kontsulta bulego zabalak, itxarongelak, laborategia, X izpietako bost ekipo eta gainerako zerbitzu osagarriak”.
Langileei dagokionez, Medikuntza Orokorreko 36 mediku; Pediatriako hamaika; Analisi Klinikoetako bost; Digestio Aparatuko bost; Kirurgia Orokorreko bost; Dermatologiako lau; Endokrinologiako hiru; Ginekologiako hiru; Neuropsikiatriako hiru; Odontologiako bost; Oftalmologiako bost; Otorrinolaringologiako bost; Biriketako eta Bihotzeko bost; Erradioelektrologiako bost; Tokologiako hiru; Traumatologiako bost; Urologiako hiru; Larrialdietako Zerbitzuko hiru eta praktiketako hemezortzi zeuden hasiera hartan.
Zaharberritzearen ondorioak
Gaur egun osasun etxearen eraikinean egiten ari diren lanekin lotuta, Ancoraren ustez “larriena” da prozesua administrazio publikoak finantzatzen duela eta Arkitektoen Elkargoek “bermatzen” dutela.
Dagoeneko hasi dira harrizko eta adreiluzko estaldura txikitzen, pieza polimeroen sareta bat instalatu ahal izateko. “Udalaren lizentzia lortu duen proiektuak alboko fatxadan dagoen goi erliebea desagertzea aurreikusten du, Amatasunaren eta Gazteriaren alegoria bat, Antonio Martinez Penella Eskulturaren Sari Nazionalak sinatua. San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademian katedraduna da Penella”, adierazi du Ancorak.
Berezitasun gisa, aipatzekoa da Groseko osasun etxea Elxeko (Herrialde Katalanak) anbulatorioaren oso antzekoa dela. “Garai arkitektoaren lana da hori ere. Babestuta dago, eta Docomomo Iberico Fundazioaren erregistroan inskribatuta dago. Donostiako proiektua, konparatiboki, osoagoa eta anbizio handiagokoa da”, zehaztu du Ancorak.
Elxeko osasun etxea estatuko modernizazio sanitarioko planen barruan eraiki zen, 1950eko hamarkadaren amaieran. Sei solairu ditu, adreilu gorriak, eta Groseko osasun etxeak duen harrizko eskulturaren antzeko goi erliebe bat ere bai. Desberdintasun bat aipatzearren, Ancorak deitoratu du Donostiako Udalak ez duela Groseko eraikina EHOBPBren azken errebisioan katalogatu nahi izan, eta “babesik gabe” utzi duela.