Kapelaren ibilbidea, lehenengoz Donostian
San Martin auzo elkarteak buruan zerbait jantzi eta elkarrekin ibilbide bat egitera gonbidatu nahi ditu donostiarrak ekainaren 18an, "auzoko kaleak berpizteko asmoz". Miramar jauregian elkartuko dira, eta zuzeneko musika eta dantza ez dira faltako kaleetan zehar.
New Yorken duela 100 baino gehiago hasi ziren egiten, Pazko asteko igandean. Duela hogei urte inguru Bartzelonara eraman zuten Espainiako kapelgintzaren elkarteko Nina Pawlowsky eta Cristina de Pradaren eskutik, eta orain Donostiara dator, “luzarorako”. Kapelaren ibilbidea antolatu dute lehenengoz San Martin auzo elkarteko kideek ekainaren 18rako. Auzo elkarteko Ibon Etxeberriak eta Tocados OH dendako Oihana Hernaizek azaldu dizkigute xehetasunak.
Hernaizen arabera, duela urte eta erdi egitasmo hori Donostiara ekartzea proposatu zion kapelgintzaren elkarteak, baina hasieran, hori antolatzea berarentzat “lan handiegia” izango zela iruditu zitzaion. “San Martin auzo elkarteko gainerako kideei proposatu nien, eta beraiek esan zidaten baietz, ideia asko gustatu zitzaiela eta ezin genuela aukera hori galdu. Beraz, duela hainbat hilabete hasi ginen guztia prestatzen”, azaldu du Hernaizek.
Antolatzaileen arabera, egitasmoa “harrigarria, dibertigarria eta bitxia” da. “Ekitaldian parte hartzeko ez da izena eman behar, nahikoa da edozein motatako kapela bat janztea: txapela, bisera, ezkontzetako burukoak, kartoiarekin edo paperarekin egindako zerbait, beisboleko txapelak… Egin behar den bakarra hori jantzita duzula paseatzea izango da”, adierazi du Hernaizek.
Kapelaren ibilbidea 10:30ean hasiko da, Miramar jauregiko lorategietan. Hortik, Kontxako pasealekuko erlojuetara joango dira, eta ibilbidea San Martin auzoko Manterola kalean amaituko da, 14:30ean. Hori guztia helburu argi batekin: “Asmoa da paseatzea, ondo pasatzeko aitzakia bat izatea, eta kaleak dinamizatzea. San Martin auzo elkarteko kideok bizitza ekarri nahi dugu gure kaleetara, hori da helburu nagusia”.
Kapelaren ibilbidean zehar hainbat kultur ekitaldi egongo dira. Miramar jauregian zuzeneko musika izango da, zerbait jan eta edateko aukera ere bai, eta photocallean argazkiak egin ahal izango dira. Kontxako pasealekuko erlojuetan lindy hop-a dantzatzen arituko da talde bat, “bidea girotzeko”. Eta San Martin auzoko kaleetan ere (Manterola, Triunfon eta Eason, besteak beste), dantza ekitaldiez eta musikaz gozatzeko aukera izango da. “Festa bat izango da”, ziurtatu dute Hernaizek eta Etxeberriak.
Auzo izaera berreskuratzeko nahia
Auzoari “auzo izaera” eman nahi diote berriro San Martin elkarteko kideek. Auzoko establezimendu desberdinetako hainbat kidek osatzen dute elkartea, eta pandemiaren ostean erabaki zuten elkartzea, euren helburua batera betearazteko. “Erdigunea eta San Martin auzoa bereizi nahi ditugu. Baina dagoeneko desberdintzen gara elkarrengandik, izan ere, hemen ez dago inolako merkataritza kate handirik. Benetako auzo bat gara, gure artean elkar ezagutzen dugu eta bizilagunek ere ezagutzen gaituzte”, ziurtatu du Hernaizek.
Tocados OH dendaren jabeak auzoaren egoeraz hitz egiteko baliatu du aukera: “Pandemiatik hona, San Martin biziberritzen ari dela uste dut. Negozio desberdinek bat egin dugu auzo elkarte honetan, izan ere, elkartean komertzioak, hotelak, ostalaritzako lokalak, osasungintzakoak, eta denetarik dago”.
Denek elkarrekin egiten dute lan, auzoan “sufritzen” ari diren guztiarekin: “metroaren obrak, norabide aldaketak zirkulazioan… hirian dauden obra guztiak hemen daude pilatuta”, deitoratu dute. Hala ere, “oso jarrera positiboa” dutela ziurtatu dute, eta jendeari gogorarazten ari direla “oso negozio bereziak eta desberdinak” dituztela auzoan. “Gu tokiko merkataritza gara, artisauak gara”, adierazi du Hernaizek.
Auzo elkartean esparru desberdinak lantzen dituzte, “beti ere inori aurre egin gabe, eta ekarpenak egiteko asmoz”. Metroaren lanek, adibidez, kezka sortzen die, baina Etxeberriak azaldu duenez, “krisi guztiak aukera bilakatu daitezke”: “Nik uste dut orain ditugun krisi guztiek eta auzo elkarte gisa dugun jarrerak aukera ematen digula nolako auzoa geratuko zaigun planteatzeko eta lantzeko. Metroaren lanen bukaerak, esaterako, aukera ematen digu proposatzeko nolako Zaragoza plaza edukiko dugun, bertan egitasmo desberdinak antolatu ahal izateko eta jendearen fluxuak eragiteko”.
Txapak eta txerri gorriak
Kapelaren ibilbidea da auzoan jendea batzeko inoiz antolatu duten ekitaldirik handienetariko bat, eta kapelak eramateaz gain, beste hainbat detaile ere prestatu dituzte egun horretarako. Adibidez, kapela daraman orori soinean eramateko txapa bat emango diote. “Txapa horrek Donostiako lehenengo Kapelaren ibilbidean parte hartu duzula esan nahiko du. Horrekin lotuta, gustatuko litzaidake nabarmentzea egitasmo hau luzarorako datorrela Donostiara. Eta hogei urte barru hau egiten jarraitzen denean, lehenengo Kapelaren ibilbideko txapa eramatea sekulakoa izango da”, azaldu du Etxeberriak.
Alde horretatik, interesa duen oro nahi dute gonbidatu ekitaldian parte hartzera. “Gauza berria da, eta jendeari bertigo pixka bat eman dakioke. Baina hori gainditzeko, niri gogora datorkidana da Donostiako Piratak hasi zirenean hamabost katu zirela, eta orain denek esaten dutela hasieratik direla denak piratak. Hori ez da egia, hamabost zirelako. Beraz, egitasmo berri honetan hasieratik egoteko garrantzia nabarmendu nahi dugu”, adierazi du Etxeberriak.
Gainera, ekainaren 18an kapela daraman oro pintxo batera gonbidatuko dute auzoko tabernek. “Guk San Martin egunari garrantzia ematen diogunez beti, txerri gorrien marrazki batzuk ditugu. Auzoko tabernetan txerri gorria aurkitzen duenak txapela pintxoa doan jan ahal izango du, txanpiñoiekin egiten dena”, jakinarazi dute.