Kontserbatorioko irakasleek elkarretaratzea egin dute eraikinaren egoera salatzeko
Francisco Escudero kontserbatorioko irakasleek elkarretaratzea egin dute gaur Alderdi Ederren, Kontserbatorioko eraikinari soluzioa orain! lelopean. Roberto Nuñok, kontserbatorioko zuzendariak azaldu duenez, Easo kalean duten eraikinak ez ditu legeak markatzen dituen arauak betetzen, “espazioari, baliabideei, segurtasunari eta irisgarritasunari dagokienez”.
Nuñok dioenez, Donostiako Udalak “ez dio kontserbatorioari baliorik ematen”. “Kultur arloan, Gipuzkoan dagoen instituziorik zaharrena da, eta 2029an 150 urte egingo ditu. Noiz konponduko digute?”, adierazi du. Kontserbatorioak ez du auditoriorik, eta kontzertuak eskaintzeko beste areto batzuetako kuotak ordaindu behar dituzte. “Guk 9.000 euro ordaindu behar ditugu areto bat uzteagatik, eta Gasteizko eta Bilboko kontserbatorioek, aldiz, beraien auditorioetan ematen dituzte kontzertuak, ezer ordaindu gabe”, deitoratu du Nuñok.
Aurtengo ikasturte amaierako kontzertua ekainaren 7an egingo dute, Victoria Eugenia Antzokian. “Arraroa da kontserbatorio batek orkestra, eszenografia, abeslariak, korua eta dena elkartzea. Guk hori egingo dugu, horretarako maila mantentzen jarraitzen dugulako. Baina non egin behar dugu? Ez dugu auditoriorik. Eguna ere udaletxeak aukeratu du, astearte bat, zerbait bada behintzat. Baina 15.000 euro ordaindu behar ditugu kontzertua eman nahi badugu”, azaldu du zuzendariak.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila gai honetan murgilduta dagoela adierazi du Nuñezek, baina tokiko administrazioaren aldetik “blokeo” bat dagoela nabarmendu du. “Kontserbatorioa Gipuzkoako beste leku batera eramateko ideia eta guzti mahaigaineratu da”, jakinarazi du.
Horiek horrela, ez direla “batere baloratuak” sentitzen aitortu du, eta instituzio publiko bat direla gogorarazi du. “Musikene egin zen orubea publikoa zen, kontserbatorio publiko bat eraikitzeko erabili behar zutena. Baina Musikene egoitza pribatu bat da, eta ez ditu Donostiako eta Gipuzkoako ikasleak. Musikenen dagoen ikasle euskaldunen ehunekoa oso baxua da, eta Francisco Escudero kontserbatorioan denak dira euskaldunak”, jakinarazi du.
Gainera, adierazi du Iruñean Donostian baino ikasle gipuzkoar gehiago ari direla Musikako gradua ikasten. “Gogorarazi nahi dugu instituzioek esaten dutela arazo bat dagoenean hezkuntza dela konponbidea. Gure arloa hezkuntza da, eta konponbide bat nahi dugu gure arazoari amaiera emateko, mesedez”, eskatu du Nuñezek.