Liburutegi infinitua, erresistentzia intimoa
A los libros y a las mujeres canto
Zuzendaria: Maria Elorza.
Urtea: 2022.
Herrialdea: Euskal Herria.
Maria Elorzaren lehen film luze honen aurrean ikusleak noraeza sentitu dezake, nola jokatu zehazki jakin gabe gera daiteke hasiera batean. Pelikula jostalari eta bihurria baita, itxuraz hutsalak diren gertakariak erabateko transzendentziaz kontatuko dira, pasadizo hauetan existentziaren beraren sekretua balego bezala. Eta aldi berean mundu literaturan pilaturiko jakituriaren altxorra era xaloan plazaratuko den sentsazioa izango dugu, Goethe, Pio Baroja edo Dante gertuko balira bezala (izan ere, «horrenbeste irakurri ditugun egileen bizipenen inguruan, senideenak balira bezala mintzatzen gara»). Hala, artefaktu liluragarria dugu eskuartean, magnetismo nabaria pizteko gai dena eta itsaso zabal eta emankorra sortzen duena, nahi bezain aske igeri egin dezagun.
Sailkatzeko zaila, dokumentalaren eta bideo-artearen artean ezarriko genuke emakumeen bizipenak eta memoria pelikularen zutabe direla. Lehena, Maria Elorza zuzendariaren beraren ama da, eta pelikularen gurpila martxan jarriko duen gertakaria izango da filmaren hastapen motorea: etxeko liburutegia ia gainera eroriko zaio. Oinaze fisikorik ez (bihurrituta geratutako atzamar punta salbu), baina liburu triskantzak letra eta sentimenduz beterik diren objektu horiek gugan pizten dutena aztertzeko gailua (zinema kamera, nahi bada) aktibatuko du. Hala, lau emakume nagusi izango dira guztira, hiru kapitulutan, aurkeztuko zaizkigunak. Denek literatura, poesia, sorkuntzarekiko sentsibilitate pertsonala izango dute, eta liburuekiko elkarrizketa ia fetitxista gauzatuko da. Lau emakumeak nortasun handikoak dira, bere etxeko barneko plano gertukoetatik mintzatuko dira, eta Elorzaren kamera heroi anti-epiko hauek barrenetan duten zirrara natural horrekin kutsatuko da. Irudiak pultsu grinatsuz somatuko ditugu pantailan, kontakizun bakoitzak eskatzen duen erritmoa hartuz, eta hizpide diren erretratu, arropa eta objektuak erakutsiz, perfekzio teknikoaz baino momentuko magia ez hausteaz kezkatuago. Zenbaitetan oroitzapenen kontakizunak hornitzeko nolabaiteko flashback liriko ederrak baliatuko dira, ebokazio indar handikoak. Emakumeetako betek modu eder eta literarioan gogoratuko du bere izeba kuttunak arropa nola lixatzen zuen, eta pantailan pertsonaia bera ikusiko dugu, koloretako kristal transluzido baten atzean, irudi abstraktu eta dinamikoa sortuz, oroimenak dakarren mamuaren irudia balitz bezala.
Izan ere, bere pertsonaien indar samurrarekin batera, pelikularen sekretua bere muntaia zoragarria da, ezartzen diren disgresio anitzak era naturalizatuan txerta daitezen ahalbidetzen duelako. Irudiaren deskontestualizazioaren forma aberatsa erabilita (Nuria Giménez Lorang-en My Mexican Bretzel gogora ekarriz) pelikulak trebetasunez egingo du jolas kolore, tamaina, formatu eta jatorri desberdinetako irudiekin (Marlene Dietrich-en abesti baten entsegua eta erlauntzen detaileen tartekatzea hipnotikoa suertatzen da), eta ahalbidetuko du, esaterako, arteen arteko zubiak eraikitzea, pintura, eskultura, poesia, musika, literatura eta zinea tartean direla. Hala, artxiboaren (irudi dokumentalak, City Ligths edo Un Chien andalou bezalako pelikula pasarteak edo familia oporren etxe-kameraren irudiak) printzak elkarrekin nahastuko dira, collage sortzaile eta anitza sortuz, narratiba kausal hertsien kateetatik aske. Eta honek jolaserako aukerak biderkatu egiten ditu, tartean umorearen erabilera harrigarria ere egiten baita, liburuen in memoriam pasarte (komiko!) harrigarrian, edo liburuen erorketaren ondorio hiltzen den pertsonak ikusiko lukeenaren hipotesia eratzean, irudi li(se)r(g)iko ederrak sortuz.
Emakumeen testigantza baino entzungo ez dugun pelikula honetan (errelato maskulinizatu klasikoen kontrapuntua da izenburua bera, Virgiliok Eneidan idatzitako «armei eta gizonari kantatzen diet…» hura), emakumeei eta liburuei proportzio berdintsuan egiten zaien poema filmiko hunkigarria da denaren emaitza.