Uda garaia apirilean hasi da 'Hondalea'-n
Cristina Iglesiasen 'Hondalea' esku hartze artistikoa inauguratu zuten duela bi urte Santa Klara uharteko itsasargian, eta esan zuten soilik ekainetik irailera bisitatu ahalko zela. Aurten, ordea, Aste Santuan eta Pazko astean ere bisitatu ahal izan da.
Hondalea inauguratu zutenean, 2021eko ekainean, Eneko Goia alkateak honakoa adierazi zion hedabide honi, ekainaren 4an argitaratutako elkarrizketa batean: «Gehienez 200 lagunek ikusi ahal izango dute Hondalea […]. Eta, gainera, irailetik ekainera ezin izango da bertara joan, txaluparik ez delako egongo». Ia bi urte pasatu dira, eta udalak irizpidea aldatu du, apirilaren 3tik 16ra bisitak antolatu baitituzte. Udalaren datuen arabera, 804 lagunek bisitatu dute itsasargiko esku hartze artistikoa Aste Santuko oporraldian, eta bisiten betetze maila %91,36koa izan da.
Irizpide aldaketa horren inguruan galdetuta, udaleko iturriek azaldu dute Aste Santukoa «proba bat» izan dela: «Orain, proba horren ondorioak atera behar ditugu, eta horren aurrean erabakiko da zer egin beste urteotan». Halaber, datuekin pozik agertu dira: «Bisitari kopuruak Hondalea-k pizten duen ikusmina eta interesa azaltzen dute». Gaineratu dutenez, «bisitarien gehiengo zabala bertakoa izan da (donostiarra edo gipuzkoarra), beraz, bertakoen artean sortzen duen jakin-mina handia da».
Hondalea bisitatzeko hurrengo aukera udan izango dela azaldu dute udaleko iturriek, «ekainetik irailera». «Iazko udan emaitza onak izan ziren, baina taldeak mugatuak dira. Egunean 200 bat pertsona joan daitezke, beraz, orduz ordu gehienez hamabost bat lagun joaten dira. Ez dakigu aurten zer nolako erantzuna izango duen, baina orain arte ikusitakoagatik, Hondalea-k interesa pizten duela esan genezake», gehitu dute.
Aldiz, desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataforma eta Parkea Bizirik elkarte ekologista, besteak beste, kritiko agertu dira udaberrian Hondalea bisitatzeko aukera ireki izanarekin. «Behin eta berriz esan zuten kultur interesarengatik sustatzen zutela esku hartzea, eta ez zela turismoan ardaztutako proiektu bat, donostiarrentzako ‘opari’ bat baizik. Nahiz eta gero bost milioi euroko kostua izan zuen. Horrela planteatuta, oso deigarria iruditzen zaigu Aste Santua kristoren aukera gisa ikustea bisitak irekitzeko. Ikusten dugu erabat turismora bideratutako zerbait dela», azaldu du Bizilagunekin plataformako Asier Basurtok. Ildo beretik jo du Parkea Bizirikeko Joseba Gurutz de Vicentek: «Orain, merkantilizatzeko, pribatizatzeko eta masifikatzeko beste leku bat izango da uhartea. Hau da, leku enblematiko horren bakea galdu egingo da». Era berean, nabarmendu dute esku hartze artistikoaren aurka ez daukatela ezer, baina bai «kokalekuaren aurka».
Bestalde, Basurtok eta De Vicentek kontatu dute Hondalea inauguratu aurretik udalarekin bildu zirela: «Azaldu ziguten zein datatan antolatuko ziren bisitak, zenbat bisitari hartuko zituen, eta abar. Une hartan ere ez genien sinetsi, eta, hain zuzen ere, ez dute hitza bete», salatu du Basurtok. «Ez gintuzke harrituko urrian edo azaroan, eguraldi ona egiten badu, bisitak antolatzea», gehitu du Bizilagunekinekoak. Udaleko iturrien arabera, ordea, ez da aurreikusten udatik edo Aste Santuko oporralditik harago bisitak antolatzea.
Hegaztiei kalte
Udaberrian irlan jendea ibiltzearekin bereziki haserre agertu da Parkea Bizirikeko kidea, hainbat itsas hegaztiren ugalketa garaia delako: «Uharteko natura kontserbatu nahi badugu, udatik kanpo eta, gehienbat, udaberrian uhartera doan pertsonen kopuruak zero izan behar du, kaio hankahorien kolonia bat han ugaltzen delako, besteak beste».
Azaldu duenez, «martxoa eta apirila artean» hasten da ugalketa prozesua, eta kaioek lurrean egiten dituzte habiak: «Gu joaten baldin bagara, kaioak izutu egiten dira, guztia pikutara doa». Horrez gain, De Vicentek dio Hondalea bisitatu duten 804 pertsona baino gehiago joan ahal izan direla irlara, «txalupa bidaia bakoitzean 140 pertsona joan ahal izan direlako». Maiatzaren 31ra bitarte, larunbatetan eta igandeetan ere bisitatu ahalko da irla, eta ekainaren 1etik aurrera egunero, ohiko legez.
Santa Klarak «bost babes mota» dituela gogorarazi du De Vicentek, eta kaio hankahoriez gain, beste hainbat animalia espezie babestu daudela: «Itsas txilarra, bertako sugandila, ubarroi mottoduna, pottorroa, kaio beltza, eta abar». Udaleko iturrien arabera, aldiz, Hondalea-ko bisitek ez dute kalte nabarmenik eragin irlan: «Hondalea-ren bisiten kudeaketa Cristina Enea Fundazioari enkargatu zitzaion, hain zuzen ere, naturaren zaintza proiektuaren bihotzean jarri nahi izan zelako. Orain arte ikusitakoaren arabera, Hondalea-ko bisitek ez dute kalterik sortzen irlan. Ez udako ohiko aktibitateak sortzen duena baino gehiago».
Hala ere, irla zaindu behar dela nabarmendu du De Vicentek: «Uhartea soilik udan bisitatzen da, eta urtean zehar bertan ugaltzen dira itsas hegaztiak. Urgullek, aldiz, urte osoan ditu bisitariak, eta uhartetik oso gertu egonda ere, hegaztiak ez dira han ugaltzen. Oso leku zaurgarria da uhartea, zaindu beharrekoa».