"Airea, ura eta lurra kutsatzen" dituen erraustegiaren kontra
Mobilizazioa egin dute gaur Lasartetik erraustegiraino hainbat talde ekologistek, Erraustegia airea, ura eta lurra kutsatzen lelopean. Antolatzaileen ustez, “gero eta ageriagoan gelditzen, erraustegia oso modu nabarmenean kutsatzen ari dela”.
Arkaitzerreka hartu dute adibide: “GHK-k, plantaren jabeak, kutsadura behin eta berriz ukatu duen arren, azkenean Ekondakin enpresari, erraustegiaren kudeatzaileari, espedientea ireki dio Arkaitzerreka kutsatzeagatik”.
Era berean, gogoratu dute Herbehereetako ToxicoWatch fundazioak egindako azterketen arabera, erraustegiak aire, lurzoru, ur eta landareak dioxinaz eta bestelako gai toxikoz kutsatzen dituela: “GHK-k ukatu du, ohi duen bezala, baina kontsortzioak berak urtero Jaurlaritzari aurkeztu beharreko Ingurumen Zaintzako Programaren barruan IDOM eta SGS konpainiek egindako azterketetan kutsadura aurkitu dute”.
Horrez gain, gaineratu dute unibertsitateko irakaslez osatutako Ekopol elkarteak txosten tekniko batean, erraustegiak bi mila aldiz gainditu zuela gehienezko kutsadura-muga 2020an. “Hori guztia gutxi balitz, Arantxa Tapia Azpiegituretako sailburuak Legebiltzarrean aitortu du erraustegiak ez dituela betetzen Jaurlaritzak ezarritako baldintza guztiak”.
Gogor salatu dute erakundeen jarrera: “GHK-k eta Aldundiak, ukazioaz eta propagandaz, beti diru publikoa lagun, erraustegiaren errealitate kutsatzailea ezkutatzeko pareta bat eraiki dute”. Pareta hori botatzeko deia egin dute ekologistek.