Maiatzaren Leheneko mobilizazioak Donostian
Urtero legez, Maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Egunean, Donostian hainbat mobilizazio egingo dituzte sindikatuek eta eragile sozialek. Hemen bildu ditugu guztiak:
LAB sindikatuak Easo plazatik abiatuko du bere mobilizazioa, 12:00etan. ‘Egiteko beste mundu bat. Banatuz eraldatu’ lelopean egingo dute. LABek egiten duen irakurketaren arabera, “krisia egiturazkoa da, herritar guztien lan eta bizi baldintzen kalitatea okertzen ari da, langileontzat bizimodua zailtzen ari da, egoera zaurgarrian eta pobrezian dauden herritarren kopuruak gora eta gora egiten jarraitzen du. Langileak desjabetzen diren aldi berean, energia enpresen irabaziak, banketxeenak, zaintzarekin negozioa egiten duten enpresenak edo elikagai banaketa kate handienak gora doaz”.
Honela, eraldaketarako “aktibazio soziala” beharrezkoa dela aldarrikatu du LABek: “Lantokietan eta kalean borroka ziklo berri bat abiaraztea beharrezkoa da”.
UGT eta CCOO sindikatuek elkarrekin egingo dute mobilizazioa 12:00etan, baita ere, Alderdi Ederretik abiatuta. Bi sindikatuek “elkarrizketa sozialaren bidez lortutako garaipen sozial eta laboralak” nabarmenduko dituzte Maiatzaren 1ean. Soldatak igo, prezioak jaitsi, irabaziak banatu izango da erabiliko duten leloa.
CNT sindikatuak, 9:45ean Errenteriatik abiatuko den martxa antolatu du. Pasaia zeharkatu ostean sartuko dira Donostian, eta 13:00etan bulebarretik abiatuko da. STEILAS eta ESK sindikatuek martxa bera egingo dute 10:00etan abiatuta.
Jarki antolakundeak Langile kontraboterea eraiki lelopean, manifestazioa egingo dute 19:00etan bulebarretik abiatuta.
ELA sindikatuak eta Mugimendu Sozialistak, aldiz, ez dute Donostian egingo mobilizaziorik. Iruñean bateratuko dituzte mobilizazioak, 11:30ean Gurutze Plazan lehenak, eta 12:00etan San Frantzisko plazatik bigarrenak.