Aritz Gorrotxategik Kritika Saria irabazi du

Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak banatu ditu dagoeneko aurtengo Kritika Sariak, eta Aritz Gorrotxategi donostiarra (Gros, 1975) saritu du. Uda betea (Elkar, 2022) poesia liburuarengatik jaso du saria Gorrotxategik.
26 poemek osatzen dute Uda betea, eta bere poeta kutunei egindako omenaldiak ere aurki daitezke bertan: Pavese, Machado eta Leteri, besteak beste. Iazko martxoan aurkeztu zuen liburua, eta, azaldu zuenez, 2019an idatzi zuen Amua liburuarekin hasitakoa bukatzea izan da lan honen helburua: “Ez da lehen aldia nire bi libururen artean paralelismo edo senidetasun moduko bat sortzen dela. Bikien sindromeak jota nagoela onartu beharra dut, aurretik ere binilo beraren A eta B aldea diren liburuak idatzi izan baitut. Amua eta Uda betea bikiak dira, baina ez dira berdin-berdinak, bakoitzak bere ezaugarriak ditu”.