Artikutzako presa partzialki eraisteko proposamena helarazi dio udalak Espainiako Gobernuari

Donostiako Udalak dagoeneko helarazi dio Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioari Artikutzako presa partzialki eraisteko proposamena, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera. 2021eko apirilean abiatu zuen udalak prozesua, orduan adjudikatu baitzuen proiektuaren idazketa. Lanak hasteko, aipatu ministerioaren oniritzia behar du udalak.
Artikutzako urtegia 2019tik dago hutsik, eta, ondorioz, Enobieta ibaiak jatorrizko bidea jarraitzen du orain, eta landaredia nabarmen hazi da lehen urez beteta zegoen eremu zabalean. Horrela, presa partzialki eraistea aurreikusten da orain, Europako funtsekin finantzatutako Life Kantauribai proiektuaren barruan; ibaiak berrezartzea du xede proiektu horrek, eta, besteak beste, 25 presa eta presa txiki kentzea aurreikusten du, eta beste zazpi iragazkortzea. Sei milioi euro inguru bideratuko dituzte lan horietara, eta aurrekontuaren zatirik handiena Artikutzako lanetarako izango da, Urumeako Kontserbazio Zona Berezian baitago, eta irtenbide jasangarri bat bilatu behar da horregatik.
Udalak hiru aukera aztertu ditu Artikutzako presaren harira: presa bere horretan uztea, osorik eraistea edo eraisketa partziala egitea, eta hirugarrenaren alde egin du, ingurumen ikuspegitik jasangarriena delakoan. Horrela, arrainek ibaiko kilometro gehiago zeharkatu ahalko dituzte, presan pilatzen diren sedimentuak ibaian behera joan ahalko dira eta arroetako jatorrizko morfologia berreskuratuko da eta inguruko faunaren zein landarediaren habitata egonkortu eta hobetuko da.
Eferen arabera, eraisketa partzialarekin, 3.930 metro kubiko hormigoi eraitsiko lituzkete, presa osorik eraitsita aterako luketenaren baino hamar aldiz gutxiago (39.374 metro kubiko). Eraisketa partzialetik aterako duten hormigoi gehiena urtegi zaharrari buelta ematen dion pista hobetzeko erabiltzea aurreikusten du udalak. Eraisketa partzialarekin, presaren ezkerreko gainezkabidean zazpi metroko zabalerako eskotadura bat irekitzea aurreikusten da.
Presa osorik botako balute, pista hobetzeko erabiltzen ez duten hormigoia (3.600 metro kubiko inguru erabiliko lituzkete horretarako) kamioietan atera beharko lukete Artikutzatik; 2.800 bidaiatik gora izango lirateke, horrek sortuko lituzkeen karbono dioxido emisioekin. Gainera, Artikutzako errepidea sendotu beharko lukete.
1919tik, Donostiarena
Artikutzako lursaila 1919an erosi zuen udalak –Goizuetan (Nafarroa) kokatua badago ere–, hango ura hirira eramateko. Egungo presa 1947tik 1953ra eraiki zuten, eta, geroztik, urtegi bat baino gehiago izan da, Euskal Herrian hobekien kontserbaturiko lekuetako bat baita.
1992an, urtegia erabiltzeari utzi zion Donostiak, 1976tik Añarbetik hartzen baitzuen ura. 2019an, urtegia hustu egin zuten, eta urte berean ehun urte bete ziren Donostiak eremua erosi zuenetik; horren harira, erreportaje zabala argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAk, Artikutzako bizilagunekin hitz eginda.