Auzoz auzo donostiarren eskaerak erantzungo dituela adierazi du Eneko Goiak

Eneko Goia alkateak eta datozen udal hauteskundeetako EAJren hautagaiak bilera egin du bere hautagaien zerrenda osatzen duten kideekin, eta bertan, hurrengo asteetan jarraituko duten estrategia errepasatu dute. Azaldu dutenez, duela hilabeteak hasitako kanpainarekin jarraituko dute “donostiarrek egindako eskaerei eta azaldutako arazoei erantzuteko”.
Bilera horretan, Goiak adierazi du esku-orriak prestatu dituztela auzo guztietarako: “Auzoz auzo donostiarren eskaerak erantzungo ditugu. Eta horretarako, auzo guztietan egongo gara, modu zehatzean egindako esku-orriak banatzen. Esku-orri horietan azken hilabeteetan donostiarrek zuzenean zein sare sozialen bidez egin dizkiguten eskaeren erantzunak aurkituko dituzte”.
EAJren arabera, legealdiaren hasieratik, eta 2015-2019 legealdian hasitako prozesuarekin jarraituz, “Goia 100 hiritar baino gehiagorekin” elkartu da, astearte arratsaldero udaletxean egindako bileratan. Udaletxearekin harremanetan jarri diren hiritarrak dira, eta Goiak azaldu duenez, helburua honakoa izan da: “Hiritar horien guztien eskaerak, proposamenak eta arazoak entzutea, eta horiei guztiei modu koordinatuan erantzunak ematea”.
Halaber, azaldu dutenez, udalak auzo mahaiak antolatzeko ekimenarekin jarraitu du, Amara Berrin eta Loiolako Erriberan, “auzo horiekin lotura zuzena duten gaiei heltzeko”. Gainera, auzo elkarte desberdinekin izandako harremana, Eneko Goiaren ustez, “etengabekoa, arina eta oso emankorra” izan da, eta hainbat proiektu garatu ahal izan dira, besteak beste, Bidebietako plazaren berrantolaketa, Sorleku parkea Dbusen kotxeren ondoan sortzeko proiektua eta Antiguako frontoiaren harmaila berritzea.
Goiak nabarmendu du “ilusioa, lan talde sendoa eta bide-orri argia” dutela, Donostiak, “hiri bizi eta konprometituak”, aurrera egiten jarraitzeko, “baita ziurgabetasun une hauetan ere, eta beti geldi jarraitu nahi duten edo hobea izan ez zen iraganera itzuli nahi duten horien aurrean”.
EAJren hautagaiak iragarri du maiatzaren hasieran alderdikideekin konbentzioa egingo dutela eta, bertan, behin betiko hauteskunde programa aurkeztuko dutela, “izandako topaketa guztietatik hartutako proposamenak” izango dituena. “Hain zuzen ere, ehunka donostiarren ekarpenetik egindako programa izango da, Donostiatik eta Donostiarentzat egindakoa, eta Donostia bizitzeko, bizikidetzarako, lan egiteko eta disfrutatzeko Europako hiri onena egiteko helburuarekin”, nabarmendu dute.