Hiru puntu garrantzitsu txuri-urdinentzat

Realak bigarren garaipena jarraian eskuratu zuen igandean Vila-realen etxean, baita sufrituta eskuratu ere. Jensenek aurreratu zituen txuri-urdinak 20. minutuan, eta gol horrek balio izan zion Natalia Arroyoren taldeari hiru puntuak Donostiara ekartzeko. Partida parekatua izan zen, oso bizia, eta etxekoek talde donostiarra estutu zuten, baina abantailari eustea lortu zuten txuri-urdinek. Larunbatean, erronka handia izango dute Zubietan, Bartzelona izango baitute aurkari.
Gizonezkoen taldeari dagokionez, ostiralean jokatu zuen Osasunaren etxean, eta 0-2 irabazi zuen, laugarren postuan jarraitzeko hiru puntu baliotsu lortuz. Sergio Herrerak seigarren minutuan bere atean sartutako gol batekin aurreratu ziren txuri-urdinak, eta nagusi izan ziren partida guztian zehar. Takek sartu zuen bigarrena, 90. minutuan. Atseden hartzeko denbora gutxi izango dute txuri-urdinek, asteartean Real Madril izango baitu aurkari, Anoetan (22:00).
Belar hockeyan, partida zaila zuen Realak larunbatean, Club de Campo aurkari gogorra baitzuen aurrean. Dena eman zuten txuri-urdinek, baina, azkenean, garaipena Madrilera joan zen, Maria Lopezek bigarren laurdenean eta Berta Agullok azken laurdenean sartutako golei esker. Ligako zazpigarren postuan daude txuri-urdinak.
Eskubaloian, ondo hasi du Bera Berak liga irabazteko kanporaketa, Xixonen etxean 21-31 irabazi baitu final-laurdenetako joaneko partida. Itzulerakoa larunbatean jokatuko dute, etxean, 18:00etan. Ligako fase erregularrean lider bukatu ostean eta kopa irabazi ostean, denboraldia borobildu nahi dute donostiarrek, liga ere irabazita.
Azkenik, arraunean, igandean Sestaon jokatutako Espainiako txapelketarekin bukatu da batelen denboraldia, eta Donostiarrako neskak izan ziren txapeldun, Astillerorekin lehia estua izan ondoren.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 27. jardunaldia
- Vila-real 0 – Reala 1
Gizonezkoen liga, 32. jardunaldia
- Osasuna 0 – Reala 2
Eskubaloia
Ligako kanporaketa, final-laurdenak (joanekoa)
- Xixon 21 – Bera Bera 31
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 17. jardunaldia
- Reala 0 – Club de Campo 2