Maiatzaren Lehena borroka eguna dela aldarrikatu du CNTk

CNT sindikatua ere kalera atera da Langileen Nazioarteko Egunean, eta Maiatzaren Lehena “borroka eguna” dela aldarrikatu dute. Goizean, martxa egin dute Oreretatik Donostiara, ESK eta Steilas sindikatuekin batera. Eta, eguerdian, CNTk manifestazioa egin du Donostian, 13:00etan Bulebarretik abiatuta.
Bagoaz Oreretatik Donostiara ➡️ Pribatizaziorik ez! Prekarietaterik ez! LANGILERIA BATU! #MaiatzarenLehena #Maiatzak1 pic.twitter.com/gZNkyY2A7E
— STEILAS sindikatua (@STEILAS_) May 1, 2023
Oreretatik hasi dugu martxa Donostiarantz langileen eguna aldarrikapenez jantzi ta ospatzeko @STEILAS_ @ESKsindikatua ta CNT, antikapiak ta hainbatekin batera. pic.twitter.com/EyC3NkL40B
— Rebeka Ubera (@RebekaUbera) May 1, 2023
Erdialdeko eta Groseko kaleak zeharkatu dituzte anarkistek, askotariko aldarriak oihukatuz: Lana banatu, ondasuna banatu; Kapitalismoari hortzak erakutsi; Gora Maiatzaren Lehena; Gaur borroka eguna da eta Borroka kalean, ez Jaurlaritzan, besteak beste.
Horrela, CNTk “ezinbestekotzat” jo du “langile klasearen antolaketa hobe baten alde egitea, industria sektoreetan, sektore feminizatuetan, administrazioak azpikontratatutakoetan eta langile prekarioetan eraginez, besteak beste”. Era berean, soldataren inguruko borroka “aldarrikatu” dute, “inflazioaren azpitik debaluatzen ari baita, erosteko ahalmena galduz”.
Bestalde, “astean 30 ordutik beherako lanaldia” aldarrikatu dute, “benetako okupazioa sortzeko eta genero arrakala amaitzeko bide praktiko bakar gisa”. “Benetako pentsio sistema publiko unibertsalaren” aldeko apustua ere egin dute, pentsioak pribatizatzea ahalbidetzen duten akordioak salatuz.
Horrez gain, “Atzerritartasun Legea eta mozal legea indargabetzea” eskatzen dute, “denak antzeko moduan jarraitzea ahalbidetzen duten erreforma faltsurik egin gabe, 2021eko Lan Erreformarekin hala gertatu baita”.