Pertsonak eta lana "erdigunean" jartzea aldarrikatu dute UGTk eta CCOOk Maiatzaren Lehenean

Pertsonak eta lana “gizartearen erdigunean” jarri nahi dituztela aldarrikatu dute UGT, CCOO eta PCE-EPK sindikatuek Maiatzaren Lehen honetan. Sindikatu horietako ehunka lagun batu dira Donostian, eta manifestazioa egin dute Alderdi Ederretik abiatuta, Soldatak igo, prezioak jaitsi, irabaziak banatu lelopean.
Askatasunaren Hiribidea zeharkatu ostean, Bulebarrean amaitu da manifestazioa, eta bertan, manifestu bat irakurri dute sindikatu horietako hainbat ordezkarik. Pertsonak erdigunean kokatzeko “tresna eraginkorrena” direla aldarrikatu dute. Langile klasearen izaera internazionala nabarmendu dute, eta hori dela eta, bakearekiko “elkartasuna eta konpromisoa” adierazi dituzte lehenik eta behin. “Errusiak Ukrainan egin duen inbasioak eragindako gerra salatzen dugu, eta operazio militarrak berehala geratzeko erabakiak har daitezela eskatzen dugu”, esan dute.
Azaldu dutenez, “langile klasearen interesak defendatzen dituztelako” atera dira kalera, eta horregatik, lorpen sozial eta laboralei “merezi duten tokia” eman behar dietela aldarrikatu dute, “mobilizazioen eta negoziazioen bidez” lortuak izan direlako. Haien ustez, borroka sindikalaren bidez lortutako akordioek “urrats garrantzitsua” suposatu dute estatuko langileentzat, eta baita Gipuzkoako langileentzat ere: “Gutxieneko soldataren %8ko igoera, legealdi osoan %47ko igoera izan duena; hitzartutako lan erreforma; Berdintasun planen sorrera eta garapena; langabezi prestazio eta prestazio sozialen hobetzea, eta diru sarrerak bermatzeko errentaren hobetzea; eta pentsioen erreforma”.
UGTren eta CCOOren arabera, pentsio publikoa babesteak eta indartzeak “ongizate soziala handitzea” dakar. “Herrialde baten elkartasun maila bere sistema publikoaren indartzeak gizartean duen eraginean neurtu dezakegu. Sorturiko aberastasuna modu justu eta beharrezkoan pentsio publikoetara bideratzea lortu dugu. Beste era batera esanda, pentsio publikoak eta babes sozialerako sistemak estatuko muga izaten jarraitu behar du, borondate politikoa egon behar da”, nabarmendu dute.
Hitzarmen duinetara iristeko “esfortzu handia” egin dutela nabarmendu dute, eta lorpen berriak eskuratzeko borrokan jarraitu behar dela aldarrikatu dute. “Guk badakigu eskubideak ez direla oinordetzan jasotzen, eta egunero defendatu behar direla. Hori soilik langile klasearen borroka kolektiboarekin lortzen da”, azaldu dute.

























































































