Donostiako Hipodromoaren hiru urterako emakida adjudikatu du udalak
Hipodromos y Apuestas Hipicas Euskadi enpresak kudeatuko du Donostiako Hipodromoa. Datozen hiru urtetarako emakida adjudikatu dio Donostiako Udalak. Beste bi urtez luzatu ahal izango da kontratua.
Eneko Goia alkateak aitortu duenez, hipodromoaren emakidak “ibilbide zaila” izan du. Izan ere, aurreko erabilera kontratua bertan behera geratu zen, eta lasterketa bakoitzeko baimen propioak ematen zituzten. Azkenik, ordea, oztopo hori gainditzeko modua topatu du udalak.
“Donostiarentzat eta gure hirian oso maitatua den kirol baten zaleentzat albiste bikaina da”, esan du Goiak. Horrekin batera, alkateak adierazi du instalazioek lasterketak ondo garatzeko behar dituzten hobekuntzak martxan jartzeko pausoa dela.
Publikoa eta udalaren jabetzakoa
Hipodromoa Arrapide pasealekuko 11. zenbakian dago, jabari publikoko ondasuna eta udalaren jabetzakoa. 255.842 metro koadroko azalera du, eta han integratzen dira higiezinak, instalazioak, altzariak, tresnak, ekipoak eta beste.
Udalak emakidaren xede den higiezina egungo kontserbazio egoeran entregatuko du. Hala ere, instalazioak egokitzeko funtsak emateko konpromisoa hartuko du, eta emakidadunak horiek egikaritzeko betebeharra hartuko du, emakidaren aldiaren hasieran eta gehienez bi urteko epean, emakida formalizatzen denetik zenbatzen hasita.
Adjudikaziodunak urtean 45.000 euroko (BEZik gabe) zenbateko finkoa jarri beharko du inbertsio obretarako eta instalazioa hobetzeko, eta zergen aurretik mozkinen %15 inbertsio edo hobekuntza obretarako.
Era berean, udalaren urteko ekarpen ekonomikoak onartu dituzte: zaldi lasterketak (710.000 euro), Donostiako Urrezko Kopa (90.000 euro) eta instalazioak egokitzeko ekarpen puntuala (438.000 euro).