Falange Espainolak baztertu egin du Donostiako hautagaitza
Joan den astelehenean, Donostiako udal hauteskundeetara aurkeztu diren hamabi hautagaitzen berri eman zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak, baina hamaika izango dira azkenean, Falange Espainola alderdi ultraeskuindarrak baztertu egin baitu bere hautagaitza, eta gauza bera egin du Bilbon eta Gasteizen ere. Gaurko aldizkari ofizialean (hilak 2) argitaratu dira behin betiko hautagaitzak.
Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera, Eskualdeetako Hauteskunde Batzordeek bere zerrendetan irregulartasun batzuk zuzentzeko eskatu zioten Falangeari, eta ez dituztenez irregulartasun horiek zuzendu, hiriburuetako hautagaitzak bertan behera uztea erabaki dute. Donostian, Martin Saenz de Ynestrillas Perez enpresari falangista ezaguna zen alkategaia.
Horrela, hamaika hautagaitza hauen bozak egongo dira maiatzaren 28an Donostiako hauteskunde mahaietan: EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, Elkarrekin, PACMA alderdi animalista, Bidezko Mundurantz (PUM+J), Stop, Escaños En Blanco Para Dejar Escaños Vacios, Ciudadanos eta Vox alderdi ultraeskuindarra.