Zabalik dago Oporretan Euskaraz udalekuetan izen emateko epea
Udaleko Euskara Zerbitzuak Oporretan Euskaraz udaleku irekiak antolatuko ditu uztailaren 3tik 28ra. Izen ematea gaur zabaldu dute, eta maiatzaren 10era arte egin ahal izango da, online. Hala ere, Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan ere egin ahal izango da, Konstituzio plazako 2 zenbakidun eraikinean, 9:00etatik 14:00etara.
Aurten, 2012tik 2018ra bitartean (bi urte hauek barne) jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute. Taldeak hizkuntza ereduaren, jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratuko dira. Udalekuak astelehenetik ostiralera izango dira, 09:00etatik 13:30era. Horrez gain, 08:30etik 9:00etara zaintza zerbitzua eskainiko da eta haurrak udalekuak hasi baino lehen, 08:30ean, eraman daitezke jasotze puntuetara.
Plazak zozketa publiko bidez eskainiko dira. Zozketa maiatzaren 18an egingo da eta emaitzak egun berean, arratsaldez, kontsultatu ahal izango dira www.donostiaeuskaraz.eus eta www.donostia.eus webguneetan.
Udalekuan parte hartzeko ordaindu beharreko kopurua aldatu egingo da familiaren ezaugarrien arabera. Horrela, hilabete osoko kuota arrunta 164,06 eurokoa da; familia ugariek edota guraso bakarrekoek %75a ordainduko dute, 123,04 euro; familia ugari bereziek kuotaren %50a, 82,03 euro; eta gizarte laguntza jasotzen duten familiek kuotaren %10a, 16,40 euro.