AB Krosak auzoa girotuko du egitarau zabalarekin
Ekainaren 3an izango da 8. AB Krosa, Amara Berriko euskararen aldeko lasterketa. 19:00etan hasiko da Isabel II.a hiribidetik abiatuta, eta korrikalariak ibilbideari bira bat edo bi emateko aukera izango dute; hau da, 6 kilometroko lasterketa edo 3 kilometrokoa –azken hau lasterketa ez lehiakorra izango da–. Helmuga ere Isabel II.aren hiribidean izango da, irteerako leku berean. Izena emateko epea zabalik dago Herrikrosa.eus webgunean, eta dortsalak egunean bertan jaso ahal izango dira.
Parte hartzaile guztiek opari poltsa bat jasoko dute, baita aurtengo krosaren kamiseta ere. Gainera, parte hartzaileen artean hainbat sari zozkatuko dituzte, eta emakumezko eta gizonezko korrikalari azkarrenek IRUTXULOKO HITZAren urtebeteko doako harpidetza lortuko dute.
Lasterketaz gain egitarau zabala izango du AB Krosak, eta auzoa girotuko duten hamaika ekitaldi egongo dira arratsaldean zehar. 17:00etan hasiko dira haur jolasak Amara Berriko Haur Txokoaren eskutik. Krosa 19:00etan izango da, eta ostean, sari banaketak eta zozketak egongo dira auzoko denda, taberna eta hainbat erakunderen eskutik. Arratsaldea amaitzeko, 20:30ean, Tross ta Petri Donostiako musika taldearen kontzertua izango da. Ekitaldi guztiak Amara Berriko Probestu plazan izango dira.