Altzako Harria parkean bizikletentzako garbigunea jarri dute
Donostiako Udalak bizikletak garbitzeko bizigarbi guneak jartzen jarraitzen du. Hiriko laugarrena Altzako Harria parkeko komun publikoen alboan jarri berri dute. “Bizikleten erabiltzaileek asko estimatzen dute zerbitzu hori, han-hemen ibili ondoren bizikleta garbitzeko aukera baitute horrela”, adierazi du Miguel Angel Diez Hiri Mantentze lanetako zinegotziak.
Aurrenekoa Arrobitxulo parkean jarri zuten, bigarrena Otxoki pasealekutik Ametzagaina parkerako sartzeko bideetako batean, eta hirugarrena Txominen ibai parkeko komunen ondoan. Altzakoa da laugarrena, eta ez da azkena izango. “Laster beste hainbat tokitan jarriko ditugu”, esan du Diezek.
Instalazio horiek jartzeko, komunen ondoko ur hodiak eta saneamendu sareak aprobetxatzen dira. Gainerako garbiguneen antzera, Altzakoak ere elementu hauek ditu: presio baxuko ur zurrusta, garbitzean bizikletari kalterik ez eragiteko; eskuilak, eta barrak, bizikleta garbitu bitartean hor jarrita edukitzeko.