Antiguako pilota txapelketak 75 urte bete ditu
Antiguako Pilotazaleok taldeak urtemuga ospatzeko egitarau bat aurkeztu du. Abuztuan egin ohi da kirol proba, eta eguna iritsi bitarte hainbat jarduera egingo dituzte. Bihar, osteguna izango da lehen ekitaldia. Istingorra elkartean programa guztiaren aurkezpena egingo dute 19:00etan, eta ondoren, 20:00etan, Antiguako San Sebastian elizan Musikeneko ikasleen kantu kontzertu bat izango da. Hurrengoa maiatzaren 17an izango da, Basoetxea elkartean. Jose Mari Iriondoren Pilota eta bertsoak liburua aurkeztuko dute 19:30ean, eta ondoren, Amaia Agirre, Anjel Mari Peñagarikano eta Xabier Euzkitze ariko dira bertsotan.
Pare bat argazki erakusketa ere egingo dituzte auzoan, biak Dabid Argindarrenak. Bata, Lugaritz kultur etxean izango da (maiatzetik ekainera) Pilota zuri-beltzean izenburupean. Bestea auzoko merkatu zaharrean izango da abuztuan, Paretaren mintzoa izenburupean.
Abuztuan iritsiko da pilotan jokatzeko unea. Abuztuaren 6an profesional ohi batzuk elkartuko dituzte Antiguako pilotalekuan: Ekaitz Saralegi, Peio Martinez de Eulate, Oinatz Bengoetxea eta Juantxo Koka ariko dira lehian, 11:30ean. Aurretik, Antiguako pilota eskolako umeen pilota partida egingo dute. Abuztuaren 2an Antiguako Pilota Txapelketa aurkeztuko dute, eta abuztuaren 8tik irailera bitarte egingo dituzte partida guztiak: guztira, bederatzi. Finala irailaren 2an jokatuko da.