'Egia', 'Lonely people, neon cities' eta 'Eutsi goiari!' proiektuak aukeratu dituzte 2deo Serieak proiektuan
2deo, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiak, 2deo Serieak 2023 deialdian hautatutako egileak eta lagunduko dituzten aholkulariak hartuko ditu aukeratutako proiektuak lantzen hasteko: Egia, Xabi Ojinagarena; Lonely People, Neon Cities, Monica Lilac eta Sergio Stendhalena; eta Eutsi goiari!, Ainhoa Artetxerena.
2deo Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiak bultzatutako ekimena da 2deo Serieak. Programak garapenerako espazio berri bat eskaintzen die edozein formatuko eta generoko serie bat sortzeko apustua egin duten talentu berriei zein ibilbide profesional frogatua duten pertsonei, nazioarteko anbizioarekin eta euskarazko ekoizpenarekiko interes bereziarekin.
2023ko deialdian hautatutako hiru proiektuek 5.000 euroko garapenerako laguntza jasoko dute proiektuan lan egin ahal izateko, eta banakako aholkularitza izango dute, proiektu bakoitzaren esparrura egokitua, industriako profesionalen eskutik. Maiatzetik irailera, aurrez aurreko eta online saioak egingo dira, eta sortzaile bakoitzak bere mentoreekin batera lan egingo du: Koldo Almandoz zinemagileak, Hondar ahoak telesailaren sortzaileak, Egia proiektua lagunduko du; Anna R. Costa zinemagileak, Arde Madrid eta Facil telesailen egileak, Eutsi goiari! proiektua; eta Lonely nights, Neon cities proiektuaren aholkularitza Intimidad seriearen zuzendariak, Laura Sarmientok, egingo du.