Handien pare
Asteartea zen, gaueko hamarrak, futbol partida bat ikustera joateko egun eta ordu txarra edonorentzat, baina realzaleek bazekiten atzokoa partida benetan garrantzitsua zela, eta 35.000 bat lagun bildu ziren Anoetan, talde txuri-urdina garaipenera eramateko. Horren aurrean, jokalariek ez zuten huts egin, eta futbol erakustaldi bat eskaini zuten Real Madrilen aurka, Takeren eta Barrenetxearen golei esker hiru puntuak etxean gelditzeko. Baja garrantzitsuekin zelairatu zen Real Madril, bai, eta ligari begira baino, larunbatean Osasunaren aurka jokatzekoa den kopako finalera begira, baina Real Madril beti da Real Madril, eta edonor ez da garaitzeko gai.
Lehenengo gol aukera argiak madrildarrek izan zituzten, baina Remirok erakutsi zuen atezaina egon bazegoela: Tchouamenik urrutitik egindako jaurtiketa on bat urrundu zuen bosgarren minutuan, eta Militaok buruz egindako erremate bikain bat gelditu zuen handik hiru minutura. Imanol Alguacilen taldeak, ordea, azkar erreakzionatu zuen, hurrengo minutuetan hiru aukera argi izanik: Sorlothen erremate bat kornerrera bidali zuten Real Madrileko atzelariek, Zubimendiren erremate batek langan jo zuen eta Silvaren jaurtiketa bat gelditu zuen Courtoisek.
Handik gutxira, Militaok penalti egin zion Oiartzabali, baina ez epaileak eta ez VAR-ak ez zuten halakorik adierazi. Hurrengo jokaldian, antzeko falta batengatik, txartel horia ikusi zuen Gorosabelek, eta harmailaren haserrea eragin zuen horrek. Jarraian, Militaok beste gol aukera argi bat izan zuen, baina baloia kanpora joan zitzaion gutxigatik. 0-0-ekoarekin iritsi zen atsedenaldia, eta sentsazio bat zegoen Anoetan: irabazi zitekeen.
Hain justu, 46. minutuan iritsi zen lehenengo gola, Militaoren opari bati esker. Irrist egin, eta Sorlothen presioaren aurrean, Courtoisi pasatu zion baloia, baina pasea ez zen batere ona izan, eta Take adi ibili zen, baloia sarera bidaltzeko. Lehen mailako aurrelariek sartzen dituzte halako golak. Handik hamabost bat minutura, are hobeto jarri zen neurketa etxekoentzat, Carvajalek bigarren txartel horia ikusi baitzuen, eta Real Madril hamar jokalarirekin gelditu zen. Aurretik, Kroosek jaurtiketa on bat egin zuen area kanpotik, baina Remiro adi ibili zen orduan ere.
Alguacil argi ibili zen aldaketekin, eta taldeari freskotasuna zein sendotasuna eman zion Aritz eta Pacheco zelairatuz lehenengo, eta Barrenetxea eta Carlos Fernandez zelairatuz ondoren. Hain zuzen ere, Barrenetxeak jaurtiketa bikain bat egin zuen 80. minutuan, arearen hertzetik ateratako falta batean, eta berak egin zuen bigarren gola, 85. minutuan, ezker hegaletik Lucas Vazquez aise driblatu eta baloia lehenengo zutoinetik sartuta.
Anoeta festa bat izan zen hortik aurrera, handien pare aritu zirelako txuri-urdinak atzo, eta hiru puntu horiek Txapeldunen Ligarako txartela lortzeko beste pauso garrantzitsu bat direlako. Zortzi puntuko aldea dauka Realak orain Vila-real bosgarren sailkatuarekin, baina valentziarrek partida bat gutxiago dute (Valentziaren etxean jokatuko dute gaur). Hamabost puntu ditu jokoan oraindik Realak, beraz, matematikoki ia ziurra da hurrengo denboraldian ariko dela Betis seigarren sailkatuak hamabi puntu gutxiago baititu, partida bat gutxiagorekin (Athleticen etxean jokatuko du bihar). Horrela, txuri-urdinek azken partidetan erakutsi duten mailari eutsi beharko diote, duten abantaila mantendu eta denboraldia sufritu gabe bukatzeko.