Isuna jarri eta deklaratzera deitu dituzte presoen aldeko pankarta bat jartzen saiatzeagatik
Joseba eta Eñaut Alvarez aita-semeak zigortu dituzte San Sebastian egunaren bezperan Plaza Berrian Udaltzaingoarekin izandako talkarengatik. Josebak eman du horren berri sare sozialetan. Bakoitzari 750 euroko zigorra ezarri diete eta hilaren 18an epaitegian deklaratu beharko dute. Ondoren zigor eskaera eta epaiketa izango dutela gaineratu du.
ISUNA ETA EPAIKETA, ZIGORRA!
— Joseba Alvarez (@JosebaAlvarez) May 3, 2023
Donostia Egunaren bezperan euskal preso politikoen alde pankarta jarri nahian Udaltzaingoarekin izandako talkarengatik, Eñaut semeari eta bioi 750€ isun bana jarri digute eta Maiatzaren 18an, 10:00etan epaitegira deitu.
Zabaldu berria. pic.twitter.com/hEEYHzfuei
“Akusazioa; desordena Publikoak, erresistentzia eta lesioak. Donostiako Udala eta Udaltzaingoa dira prozedura ireki dutenak”, azaldu du Joseba Alvarezek.
Naiz atariari egindako adierazpenen harira, urtero moduan plazaren erdian pankarta bat jartzeko asmoa zuten, teilatutik teilatura lotuta. Aurten, Etxera leloa eta ikurraren pankarta zen jarri nahi zutena. 21:00ak aldera, pankarta jartzera joan zirenean, udaltzain batzuekin topo egin zuten eta pankarta ezin zela jarri esan zieten.
Eztabaida sortu zen euren artean, eta udaltzain gehiago hurbildu ziren. Sokatira moduko bat izan zen, pankartaren sokaren puntu batetik eta bestetik tiraka aritu baitziren. Udaltzain batek laban moduko bat atera zuen eta soka moztu zuen, eztabaidarekin amaituz, horren ondorioz pankarta jartzea ezinezkoa baitzen.