Kopako irabazleei harrera egin diete
Donostiako Udalak Bera Bera emakumeen eskubaloi taldeari omenaldia egin dio gaur arratsaldean. Espainiako zazpigarren kopa irabazi zuten apirilaren 23an Malagako Martin Carpena kiroldegian. Ekitaldia Donostiako Udaletxeko alkatetzako harreran egin dute, eta Eneko Goia alkateak eta udal talde guztietako ordezkariek parte hartu dute.
Alba Menendez kapitainari eta Imanol Alvarez entrenatzaileari txokolatez egindako koparen erreplika eman die udalak.
“Klubaren historiaren zazpigarren kopa lortu duzue. Benetan handia da egiten ari zaretena. Hiriarentzat eredu zarete, baina batez ere, haur askoren eredu, hain zuzen ere, egunero entrenatu, jokatu eta zuek bezala izateko amets egiten duten haurren eredu”, adierazi du Goiak.