"Nafar erreinu monarkiko baten alde nago"
Ion Martinez ‘Txiki’-k ‘Euskaldunen jatorria, historia eta irria’ bakarrizketa aurkeztuko du Poltsiko Antzerkian. Lehen emanaldia igandean izango da, Tabakalerako Taba tabernan, 19:00etan. Aieteko Mamistegin, Herrerako El Nido eta Añorgako Jolas Etxean ere izango da hurrengo egunetan.
Lan berria ekarriko duzu Poltsiko Antzerkira. Nolakoa da?
Euskal Herriko historia era komiko batean kontatu nahi izan dut bakarrizketa baten bidez. Ez da soilik stand up comedy formatua izango, antzerki eszenak ere badaude obran. Lotura gehiago du antzerkiarekin, hainbat pertsonaia antzezten ditudalako. Eta, broma da, baina egia da, hiru dimentsioko efektuak ditu, karaokea dago, zuzeneko musika izango da eta musikal ukitua ere izango du.
Zein pertsonaia interpretatuko dituzu?
Nafarroako erregeak eta erreginak, Agosti Xaho, Sabino Arana, Fernando amezketarra –Euskal Herriko lehen bakarrizketaria, Xalbador, Maurizia, Mikel Laboa, Oteiza eta Maialen Lujanbio, besteak beste. Uste dut inork ez duela egin umorezko bakarrizketa bat Euskal Herriko historiari buruz, eta nik hori kontatu nahi nuen, jendea jabetzeko zer izan garen, nor garen eta nora goazen. Irati filmean esaten den bezala, izena duen guztiak izana du. Eta, hain zuzen, hori erakutsi nahi diot jendeari. Gaur egun, jendeak ez daki zerbait izan bagara noizbait hori Nafarroa dela, errege eta erreginak izan genituela eta ingelesak eta frantsesak borrokan ibili zirela haiekin ezkontzeko. Guzti hau kontatzen dut esateko gure izaera bakarra euskara eta gure kultura dela. Gaurdaino iritsi den altxor bakarra hori da. Euskaldunok guda guztiak galdu ditugu, baina euskarak borroka guztiak irabazi ditu gaur aurte. Nafar erresuma monarkiko baten alde nago. Hori da izan garen bakarra. Gu estatu monarkiko bat izan ginen, eta orain ez daukagu ezer. Hori edukiko bagenu, estatu bat izango ginen, oso sinplea da.
Poltsiko Antzerkiaren formatuak xarma berezia duela iruditzen zaizu?
Nik uste dut politena dela normalean antzerkira ez doan jendea ere joaten dela emanaldi hauetara. Beste giro bat dagoelako, lan arinagoak eta freskoagoak direlako. Kulturaz eta umoreaz gozatzeko modu bat ere bada hau.
Emanaldia ondo ateratzen denean, izugarria da, baina gaizki ateratzen bada bortitza izan daiteke. Ez dakit zerbaitetan ona naizen, baina justu horretan bai. Esperientziak irakasten dizu lasai egoten, eta entseatzen ikusten duzu prestatzen dituzun gag horiek funtzionatzen duten ala ez.
Tabakaleran egingo duzu lehen emanaldia, eta ondoren?
Obra hau sortu dut bira txiki bat egiteko Euskal Herrian zehar, eta bukatzerakoan, Txiki sortzaile, kulturzale eta ekintzaileak agur esango du. Hogei urteren ondoren, nekatuta nago, eta ikuskizun berezi honekin amaitutzat ematen dut nire ibilbide artistikoa.
Ikuskizunean Txikiren paperean sartuko naiz, eta hil egingo naiz agertokiaren gainean, adierazteko artista bat jaiotzen den bezala hil egiten dela edo ahaztu egiten dela. Agian ez zaio inori inporta, baina nik nire omenaldi ttipia egin nahi diot nire buruari. Niri ez dit inork omenaldia egingo, eta beraz nire buruari egingo diot, rollo umoristiko hori da.