Basque Culinary Centerren Manteoko egoitzaren aurka mobilizatu dira
SOS Manteo plataformak eta Uliako auzo elkarteak deituta, manifestazioa egin zuten asteazkenean Grosen, Basque Culinary Centerrek (BCC) Manteon eraiki nahi duen egoitza berriaren aurka eta Manteoko berdegunearen alde. Plataformaren arabera, 400 bat lagun mobilizatu ziren, eta Okendo Kultur Etxetik abiatuta, Katalunia plazan bukatu zuten manifestazioa. Besteak beste, Eguzki talde ekologistak bat egin zuen manifestazioarekin.
“Ez dugu Manteoko lurzoru publikoa lagatzerik nahi erabilera pribatukoa izango duen eraikin bat ezartzeko. Plan Orokorrak ezartzen zuen esparrua ekipamendu komunitarioak hartu behar dituela ‘izaera publikoko multzo bat’ osatuz, eta hau berdeguneari eragin gabe egin zitekeen. Culinaryren eraikinak areagotu egingo ditu Gros auzoak jasaten dituen turistifikazio arazoak, higiezinen espekulazioa, gentrifikazioa eta abar; bai eta bero boladak eta eremu urbanizatuei eragiten dieten klima aldaketaren gainerako inpaktuak ere”, azaldu zuten antolatzaileek.
Proiektua “trakzio eragile ekonomiko” eta “estrategiko” gisa “saldu” dutela salatu zuten, eta, beraz, “administrazioek diru publikoko milioika euro agindu” dizkiotela. “Hori horrela bada, ez al litzateke ‘estrategikoagoa’ hiri birgaitzea, ekonomia eta gizartea biziberritzea, eskatzen duen hiriaren zatiren batean kokatzea? Kokapen alternatiboen adibideak ez dira falta Donostian: Illunbeko multzoa (hutsa eta harekin zer egin ez dakitena), Martuteneko agustindarren ikastetxe zaharra (okupazio arazoak dituena), Herrerako Rich fabrika zaharra, Altzako Eraikuntzaren Institutu zaharra, eta abar”, gaineratu zuten.
Horrela, gogorarazi zuten martxoko udalbatzarrean Okendo Alde Plan Bereziaren (BCC-ren egoitza eraikitzea ahalbidetuko lukeena) alde bozkatu zutela EAJk eta PSE-EEk, aurka Elkarrekin Donostiak eta PPk eta abstenitu egin zela EH Bildu. “Gogoan izan dezagun gure botoa hautetsontzietara sartzera joatean”, nabarmendu zuten.