Emakumeen Etxeak "konpromisoa" eskatu die alderdi politikoei egoitza berriaren aferan
Donostiako Emakumeen Etxeak hamahiru urte daramatza Okendo kalean kokaturik, udalaren jabetzako lokal batean. Lokal horren esleipena behin-behinekoa izan da hasieratik, eta erabiltzaileek “berehala” ikusi zuten “oso txikia eta arkitektura aldetik bideraezina” zela bertan garatzen diren jarduerak aurrera eramateko.
Urte horietan guztietan, baldintza egokiak betetzen dituen eta ondo kokatuta dagoen espazio batera lekualdatzeko eskatzen aritu da Emakumeen Etxea, baina deitoratu dutenez, “jaso diren udal-eskaintza apurrek ez dituzte, gure ustez, egunean batez beste 100 emakume jasotzen dituen instalazio batek bildu behar dituen oinarrizko baldintzak betetzen”.
Hala ere, martxoaren 13ko Osoko Bilkuran udal aurrekontuak onartu zirenetik, eta datozen udal hauteskundeen esparruan, egoitza berria Amara kaleko etxabe batean kokatzeko aukera sortu da, etxebizitzak eraikiko diren udal jabetzako orube batean. Horren harira, Emakumeen Etxeak, hainbat alderdi onartu ditu manifestu batean, “aho batez”:
Alde batetik, nabarmendu dute Emakumeen Etxea bat datorrela egoitza berriak Amara kaleko espazio horretan duen kokapenarekin, eta egoitza berriak gutxienez 1.000 metro karratu izango dituela.
Era berean, udal hauteskundeak baino lehen, udal gobernuak erabaki hori eraginkorra eta publikoa egitea eskatu dute, eta proiektu berriaren sorketa prozesuan Emakumeen Etxearen parte hartze aktiboa aldarrikatu dute, Emakumeen Etxean azken hamahiru urteetan indarrean egon den kudeaketaren arabera.
Pertsona, erakunde, elkarte eta alderdi politiko guztiei manifestu horretara atxikitzeko eskatu die Emakumeen Etxeak. Atxikimenduak honako helbide elektroniko honetara bidal daitezke: atxikimenduak@donostiakoemakumeenetxea.com.