Bizirik lurperatzen zen gizona
Tromff maisuak eta bere emazte Edithek bazekiten jendearen arreta bereganatzen XX. mendean. Kutxa batean sartu eta lur azpitik kanpoan gertatzen zena asmatzeko gai ziren, ikusleen harridura eta jakinmina piztuz. Tromffen azken ikuskizunak 7.000 lagun bildu zituen.
Donostiak ere izan zuen bere Houdini propioa: Tromff doktorea. Antiguakoa zen, eta bere gorputzaren “erabateko domeinua” zuela zioen. Bere emanaldiak formatu txikian baina erakargarrian eskaintzen zituen, eta, besteak beste, hipnotismoa, katalepsia eta pentsamenduaren transmisioa zuten ardatz.
Marsel magoak El Diario Vasco egunkariari 2015ean azaldu zionez, “Tromff fakir xelebre bat zen, mago gisa txarra zena, baina komertzialki nola saldu ongi zekiena. Bere ikuskizunak zirikatzaileak ziren, eta jendea harrituta eta emozionatuta uzten asmatzen zuten”.
Egunkari horren arabera, Tromffek lurperatzeak egiten zituen bere emazte eta laguntzaile Edithekin batera, Antiguako frontoiaren ondoan. “Edith lurperatu aurretik, emakumea kataleptiko jartzen zen, estatua bat bezain zurrun. Gero, lurperatu ondoren, Tromffek galdetzen zion: ‘Edy, bizirik zaude? Entzuten didazu?’ Eta ahots leizetsu bat entzuten zen: ‘Bai…! ‘”, dio artikuluak.
Azken lurperaketa
Antza denez, Tromffek 1962ko otsailaren 13an egin zuen bere azken ikuskizuna, Kontxako hondartzan, 7.000 pertsonen aurrean.
Maisuak pijama bat jantzi zuen, “inork oxigeno botila bat zeramala pentsa ez zezan”, eta hilkutxa batean sartu ostean, hondartzan lurperatu zuten. Hilobiaren barrutik, kanpoan jokatzen ari ziren mus partida baten nondik norako guztiak azaldu zituen bozgorailu baten bidez, “jokaldietako bakar batean ere huts egin gabe”.
Tromffek kanpoan gertatzen zen zerbait asmatuz ematen zien bukaera bere ikuskizunei, denak harriturik utziz. Baina kontuz, spoiler bat baitator: Marselen arabera, “nahikoa da ‘nor da garailea?’ edo ‘nork irabazi du?’ galdetzea, eta galderaren arabera erantzuna pasatzea”.