1.200 plaza eskainiko dituzte udako kirol ikastaroetan
Donostia Kirolak prest ditu dagoeneko udan hiriko kiroldegietan eskainiko dituen kirol ikastaroak, eta, guztira, 1.200 plaza egongo dira. Ekainaren 5ean hasiko dira ikastaroak, eta izena emateko epea dagoeneko zabalik dago; Donostia Kirolaren webgunean zein bulegoetan eta udal kiroldegietan eman daiteke izena, baita informazioa kontsultatu ere.
Zehazki, 73 ikastaro antolatu dituzte, askotarikoak: indoor zikloa, mantentze gimnasia, 65 plus, uretako gimnasia, GAP, yoga, igeriketa, pilates, latin zumba, padel, Cross Training, TRX, Total body eta Total Training, besteak beste. Ekainean, uztailean eta irailean emango dituzte ikastaroak –abuztuan ez, mantentze lanengatik kiroldegiak itxi ohi dituztelako–. Bestalde, Aukeran programa abian izango da udan ere, eta, horren bidez, ikastaroetako saio solteetan izena emateko aukera egongo da.