Nerabeek mugikorrari ematen dioten erabileraz ariko dira Luberrin
Nerabeek telefono mugikorrei ematen dieten erabilerari buruz hausnartzeko, Gazteak eta mugikorrak: zer egin dezakegu familiok? hitzaldi-ikastaroa antolatu dute Antiguako Luberri institutuko areto nagusian; asteazkenean izango da, hilaren 10ean, 17:30ean.
Jakintza ikastolako Gare Sozialak taldeak antolatu du hitzaldi-ikastaroa, eta Miren Ros Aiartzaguena aditua izango da hizlaria. Gurasoak seme-alaben hezkuntzan formatzea xede duen Bidelagun proiektuko kidea da Ros. Gare Sozialaki dagokionez, mugikorraren erabilerarekin kezkatuta, ikastetxe horretako guraso batzuek sortutako taldea da, iaz ere antzeko egitasmo bat antolatu zuena.
Azaldu dutenez, duela bi hilabete inguru, galdetegi bat bidali zieten Jakintzako Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleen familiei, eta gehienek mugikorraren gaia lantzeko interesa agertu zuten. Horrela, seme-alabak maila horietan dituzten gurasoentzako hitzaldi-ikastaroa antolatu dute, Bigarren Hezkuntza Luberrin egin ohi duten ikasleen beste ikastetxeekin elkarlanean: Orixe, Ibai, Amassorrain, Igeldo eta Aiete ikastetxeekin, hain zuzen ere. “Adin horretan badira mugikorra duten haurrak eta ez dutenak; beraz, bi egoera horiek hartuko dira kontuan: emateko momentuaz hausnartuko dugu, eta baita erabileraz ere”, nabarmendu dute. Interesa duen guraso oro, beraz, hitzaldi-ikastarora joan daiteke, nerabeek mugikorrari ematen dioten erabileraren inguruan hausnartzeko eta ikasteko.