Bidebietako kaleek diote
Asteburuan hamargarren Janen ibilaldia egin dute Donostian. Bidebietako kaleetan ibili dira, eta horietan gertatzen dena (eta gertatu dena) kontatu eta partekatu dute.
Janen ibilaldia maiatzeko lehen asteburuko ohiko plana da askorentzat. Eta ez soilik Donostian, munduko hainbat hiritan egiten baita. Jane Jacobs hirigile eta aktibistaren jaiotegunaren bueltan antolatzen dira. Hark idatzitako The Death and Life of Great American Cities (1961) liburua abiapuntu hartuta, gure eguneroko paisaien zergatiak eta ondorioak aztertzen dira.
Finean, helburua da kaleak ibiltzea, eta horietan gertatzen dena (eta gertatu dena) kontatzea eta partekatzea. Mugikortasuna, kaleen segurtasuna, zarata, etxebizitza motak, memoria kolektiboarekin lotutako pasarteak, bizilagunen aldarrikapenak… Askotarikoak dira ibilaldian zehar azaleratzen diren gaiak.
Donostian, 2012an egin zuten lehen aldiz Janen ibilaldia, Impact Hub taldeko Alvaro E. Olaiz eta Victor Asperen ekimenez. Geroztik, hainbat auzotan ibili dira ibilaldiak egiten, bizilagunen eta bestelako tokiko eragileen babesari esker. Joan den larunbatean Bidebietan izan ziren, eta Altzako Historia Mintegiak gidatu zuen ibilaldia, ondo dokumentatuta eta landua baitute auzoaren sorrera, eta bertan dauden gune interesgarrienak.
Bide zahar bat San Antonion
Herrerako topoaren geltokitik abiatu da aurtengo ibilaldia. Antolatzaileek beti aukeratu ohi dute erreferentziazko elkargune bat; oinez, bizikletaz edo garraio publikoan erraz iritsi ahal izateko toki bat. Eta handik, San Antonio auzunera abiatu dira, galtzada-harrizko bide batean gora egin ondoren. Inguruko bide zaharrenetako bat izango delakoan daude; horrelakoak jada gutxi geratzen dira Donostian. Aldapa igo ondoren, Herreraren ikuspegi zabal bat ikus daiteke, eta, paisaiaren erdian, auzoa bitan zatitu zuen saihesbidea. 1972an zabaldu zuten, eta bide berria egiteak Herrerako eliza eta San Luis plaza zena botatzea ekarri zuen, besteak beste.
Izan ere, denboran atzera eginez, oroitu daiteke Bidebietak eta Herrerak ontziralekua izan zuten garaia, Gaiztarro parean (egungo Zumardi tabernaren aurrean). Horrela bada, XV. mendetik XIX. mendera arte, San Luis plaza arteko inguru guztia urpean izan zen. XIX. mendean lehortu zuten inguru guztia, industrializazioa iristearekin batera. Egurrarekin lan egiten zuten enpresa pare bat zeuden urte haietan, eta han kokatu zituzten: Herederos de Ramon Mugica eta Compañia de maderas fabrikak.
Eraikin razionalistak
Historia liburuetan galdu eta hainbat harietatik tira egiteko gogoa pizten du Janen ibilbideak, baina garrantzitsua da ibilaldian zehar inguruan dagoenari erreparatzen jarraitzea. Herrera atzean utzi eta San Antonio kaletik jarraitu du ibilaldiak. Donostiar askok Montesol ere deitu izan diote auzune honi, garai batean izen hori zuen etxebizitza promozio bat egin zutelako hemen.
Oharkabean pasatuko da askorentzat, baina 50eko urteetan eraikitako etxe hauen artean Florencio Mocoroa arkitektoak 1942an egindako eraikin industrial bat dago, gatz biltegia eta Erdocia ibilgailuentzako garajea izandakoa. Gerora, ‘Garaje ingles’ izena jarri zioten, pintura eta barnizentzako lantegi bihurtu zelako. Urte luzez darama hutsik eta ‘Se alquila‘ kartela zintzilik. Aldamenean, Mocoroak berak sinatutako beste eraikin bat dago: San Jose Mesedeetako eliza. Auzoan ‘mexikarren eskola’ izenarekin ezaguna den ikastetxe erlijiosoa ere ondoan dago: aspaldi utzi zion eskola izateari, haurtzaindegi bihurtu baitzen.
Gaiztarro: irla sozial bat
Eskailera batzuk jaitsi eta Jose Elosegi alkatearen hiribidera atera da taldea. Errepidearen beste aldean Gaiztarro izeneko urbanizazioa dago. Garai batean, toki honetan normandiar estiloko Bidebieta izeneko jauregi bat izan zela kontatu dute, 1884an eraikitakoa. Han bizi ziren Artazcoz-Labayen (Albako dukesaren aitagin-amaginarrebak) eta Sotomayorreko dukeak –Bidebieta jauregiaren arrasto bakarra guardetxe txiki bat da, eta egun etxebizitza turistiko bat da–. Dukeen ondoren haien oinordeko Fausto Gaiztarro arkitektoaren familia iritsi zen urbanizazio honetara.
Gaiztarro naturzale amorratua zen, eta berdeguneak mantendu nahi izan zituen; horregatik izan zuen dorreak eraikitzeko ideia. Nahiago izan zuen goruntz eraiki, lursailak zituen zuhaitz eta landareak errespetatzeko.
1963an hartu zuen leku honek Gaiztarro izena. Altzako Historia Mintegikoek kontatu dute berdegunez inguratutako zona hau “irla sozial” baten modukoa izan zela auzoan. Inguruko etxebizitza bloke handiekin eta herritar xehen bizimoduarekin konparatuta, klase sozialen arteko aldea agerikoa zen. Jende aberatsa bizi zen urbanizazioan: “Etxearen atariraino txofer batek gidatutako autoan iristen ziren. Familia atarian utzi eta autoa aparkatzera joaten ziren gidariak”, azaldu du Alvaro E. Olaizek.
Finka handi honetan zegoen guztiarekin liluratuta zeuden irla honetatik kanpo bizi ziren auzotarrak, historia mintegiko kideen ustez. Horrexegatik hain zuzen, alde handia zegoelako beste Bidebietarekin konparatuz gero: “Pentsa, parke handi honetan frontoi bat ere bazuten. Bidebieta etxea 1977. urtean eraitsi zuten, baina oraindik harresi batzuk ikus daitezke”.
Libanoko zedroak, eta ehun urte baino gehiago dituzten zuhaitz ederrak daude oraindik. Gune oso lasaia da, inguruan dauden errepide zaratatsuekin kontrastean.
Gaiztarrotik irtenda, Trintxerperekin muga egiten duen biribilgune inguruan, auzoaren gune industrial zaharrean gaudela gogora ekarri dute historia mintegiko kideek. Hemendik gertu daude Altzako ‘Francisco Lasa enpresariaren langileen etxeak’ deiturikoak. Lasa Donostiako alkate izan zen 70eko hamarkadan, eta arrantzarekin lotutako ibilbide oparoa egin zuen; bere ontziola propioa ere izan zuen. “Bizilagun askok oraindik gogoan dute bakailao usaina eta arrantzarako sareen usaina, Bidebieta portuaren ondoan baitzegoen lehen, eta hura izan zen inguruko ekonomiaren motor nagusia”, gogoratu du Xabier Arana bizilagunak. Antzinako ontziralekuak Herrera izena zuen. Pasaia eta Donostiaren arteko mugan dagoen biribilguneko eskulturak ere, Ricardo Ugartek egindako aingura erraldoiak, leku honen iragana dakar gogora.
Contadores fabrikako langileen historia, Cannesko jaialdian
Kontadores eraikinean gelditu da taldea. Hiriko belaunaldi guztientzat Bidebietako lekurik ezagunetakoa izango da ziur. Batzuek garai batean ur kontagailuen lantegia izan zelako gogoratuko dute, eta beste batzuek, gazte zentroa delako. 1995ean bihurtu zen gazte zentro. Victor Aspek uste du, hain zuzen, erabilera berri bat eman ziotelako gorde duela eraikinak bere forma eta garaiko mugimendu modernoaren estiloa.
Fabrikako langile baten alaba dago Janen ibilaldian: Irati Gorostidi zinemagilea. Laster Cannesera joango da fabrika honetako langile mugimendua ardatz duen fikziozko film labur bat aurkeztera: Contadores. Garaiko langile mugimenduak ikertu ondoren, filma egitera animatu zela kontatu du Gorostidik: “1978an dago girotuta. Garai hartan modu oso horizontalean zeuden antolatuta langileak, eta fabrika honen historia berreskuratu nahi izan dut. Bazegoen komite bat Herrerakoa. Giro hura islatzen saiatu naiz”.
Gomistegi baserria, Pasaia eta Bidebietaren arteko mugan
Kontadoresetik aldendu, eta Gomistegi baserrira igo da taldea. Donostia eta Pasaiaren arteko mugan dago. Hemen ondoan dago Trintxerperekin lotura egiten duen igogailu bat, bi eremuen artean dagoen aldapa handia gainditzeko. Aspek azaldu du hirietan behar-beharrezkoa dela halako “josturak” egitea mugak eta oztopoei aurre egiteko, eta jendea ibili ahal izateko.
Hemen inguruan daude ur biltegiak, eta biltegia haien lurretan egitearen truke, ura doan dute Gomistegi baserrian. Inguruko baserri bakarra da, 60ko hamarkadan etxebizitzak egiteko bota egin baitzituzten.
Guardaplata, jatorri gaskoia
Auzoko beste baserri ezagun izan zen Guardaplata. Altzako Historia Mintegikoek baserrian jaiotako Joxemari Lujanbio izan dute gogoan, eta haren semea Haritz ere etorri da ibilaldira. Duela gutxi hil da haren aita. Auzoko saltsa guztietan parte hartzen zuela azaldu du, eta 2016an auzoan egindako ibilaldi batean ere parte hartu zuela. Orduan kontatu zuen Guardaplata baserria bota zietela dorreak egiteko, 12. blokea eraikitzeko.
Egun Guardaplata taberna dagoen inguruan zegoen baserria, eta Erdi Aroko berezko izena Pordeplat zuen. Platako itsasargitik iristen ziren marinelek deitzen omen zieten horrela Uliako itsaslabarrei.
Guardaplata bidean gora auzoko Herri Ametsa ikastola dago, eta aldapa honetatik ere iritsi ohi da auzoko jaietako pertsonaia: Txanpontxo.Haren iritsierarekin batera hasi ohi dira auzoko festak ekaina erdialdean.
Victor Aspek aldapa honen hasieran dagoen eraikin batean ikusi duen pintaketa zahar bat seinalatu du: ‘Lemoiz apurtu!’. “Uste dut Donostian geratzen den Lemoizen aurkako pintaketa bakarra izango dela”. Handik gutxira Julio Urkixo kalean ikusi duen pintaketa bat partekatu nahi izan du taldearekin: ‘Si no quieres que te engañen, habla! Opina!‘. Janen ibilaldien helburuetako bat ere, hain zuzen, horixe dela nabarmendu du.
Auzoko parrokoak ere parte hartu du ibilaldian, Eduardo Iribarrenek. Azaldu du 1968an ireki zutela auzoko parrokia, egun Lagunarte Taurinoarena den egoitzan, 9. blokearen behean. 1980an ireki zuten egungo eliza.
Mendiolapeko tunelak
Lehen ura aipatu dugu, eta ezin ditugu aipatu gabe utzi garai batean Donostia eta Pasaiako portua ur edangarriz hornitzen zituzten ur hodiak. Uliarekin muga egiten duen zonan daude, tunel moduko batzuk dira, eta dudarik gabe, ibilaldiko lekurik bereziena izan da. Ulia Mendiolapeko bloke altuen ondoan, Alai taberna atzean utzita, eta baratze batzuk igaro ondoren iritsi gara tunel batera. Klaustrofobiarik ez duenak mendia zeharkatzen duen tunela lau hankatan igaro dezake, eta zuzenean Uliara iritsi. Tunel honek Errotazar iturria eta Moneda erreka lotzen zituen, eta ura Uliako biltegietaraino bideratzeko balio zuen. Parte hartzaile gehienek ez zekiten tunel hauek existitzen zirenik ere.
Hamabi apostoluak
Uliarekin mugan dagoen berdegunearekin kontrastean hamabi apostoluak nabarmentzen dira auzoan. Izen horrekin dira ezagunak auzoan, gurutze forma baitute 15 solairuko dorre hauek. 1967an inauguratu zituzten La Paz izenarekin, eta Francisco Franco diktadorea bera etorri zen inauguratzera. Espainiako gerra bukatu zenetik 25 urte bete zirela ospatzeko propaganda izan zen La Paz. Donostian bakarrik ez; izen berarekin, Gipuzkoan, guztira 15 poligono inauguratu zituzten. Frankismoaren propaganda egiteko baliatu zituzten poligonoen eta etxebizitza berrien inaugurazio horiek. Horrela, Bidebieta izatetik La Paz izatera igaro zen urte batzuetan. Nahiz eta bizilagunek laster egin zioten uko inposatutako izen horri eta lehenagotik auzoak zuen Bidebieta izena errekuperatu zuten. Victor Aspek La Codorniz aldizkari satirikoak frankismoaren kanpaina betean argitaratu zuen zenbakia eta lerroburua ekarri du gogora:«25 años de paz ciencia española». Jakina, zentsura frankistak zenbaki hura “bahitu” egin zutela esan du Aspek.
Pixkanaka, auzoan zerbitzu gehiago lortzen hasi ziren. Besteak beste, Jubilatuen etxea terraza eta lorategia duen gune lasai batean dago, eta egoitza bat ere badute garajea ere baden borobildun formako eraikin bitxi batean. Halere, oraindik auzoan azpiegitura garrantzitsu bat falta dela nabarmendu dute: kultur etxe bat.
Fusilamenduen tiro eremua
Ion Urrestarazuk hartu du hitza tiro eremu izandako gunean. 36ko gerran aditua da, eta duela gutxi Altza eta 36ko gerrari buruzko liburua argitaratu du. Egun Salvador Allende parkea izena du berdegune zabal honek, baina 1992. urtera arte tiro eremua izan zen. Oraindik ikus daiteke dianak jartzeko erabili ohi zuten desnibela.
1912an inauguratu zuten, belle époque garaian. Erabilera zibila eta militarra izan zuen; kirolerako zein tiro entrenamenduetarako gunea izan zen. 36ko gerrak iraun zuen bitartean, eta ondoren ere bai, kolpistek hainbat pertsona fusilatzeko erabili zuten. Falangeak eta Espainiako armadak erabili zuen ondoren. 1960. urtetik aurrera soilik kirolgune moduan erabiliko zela onartu zen, baina halere, tiroa praktikatzeko erabiltzen jarraitu zuten, eta horrek inguruko bizilagunen haserrea piztu zuen.
Ez zegoen hesirik inguruan, eta segurtasun falta handia zegoen. Beste erabilera batzuk proposatzen hasi ziren: zinema areto bat egiteko proposamen bat ere jarri omen zen mahai gainean.
80ko hamarkadan Aldundiaren esku geratu zen eremua, baina, halere, bizilagunak ez zeuden lasai. Gainera, gertakari batek agerian utzi zuen segurtasun falta: bala galdu batek 100 metroko distantzia igaro ondoren, Zinkunegi abizena zuen inguruko baserritar bat jo zuen, eta hankan eman zion. Honen aurrean, auzoko eragileek bat egin zuten eta gunea ixteko exijitu zuten. 1992ra arte itxaron behar izan zuten erabat ixteko, eta azkenean 1996an bota zuten. 1998an inauguratu zuten parkea, eta Salvador Allenderen alaba etorri zen inauguraziora.
La Asuncion ikastetxeak 140 urte
Auzoarekin lotura handia duen beste eraikin bateraino iritsi da taldea, Mirakruz Gaineko La Asuncion ikastetxea. Aurten 140 urte bete ditu, eta bisita gidatuak egiten ari dira eraikina barrutik ezagutzeko. Bidebietako apaizak, Iribarrenek, uste du kanpotik ikusi bai, ikusi egiten dela, baina ondo preziatzen ez den eraikina dela La Asuncion. Denen harridurarako, arrazoia du apaizak.
Sartu eta berehala askok esan dute Harry Potter-en eskolaren itxura duela. Patio argitsu eta ederra du barruan, hiriaren ikuspegi zabalak ikusten dira goiko soilaruetatik, eta ondo gordetako liburutegi berezi bat du goialdean. Asun izeneko Ama Nagusiak gidatu du Janen ibilaldiaren taldea eraikinaren barruan.
Mirakruz izenaren jatorria
Komentua 1882an ireki zuten. Kongregazioaren fundatzaile Anne-Eugenie Milleret de Brouk Mirakruz etxearen eremua aukeratu zuen komentu berria eraikitzeko. Frantzian III. errepublika politika antiklerikala ezartzen ari zen, eta beraz, Mirakruz mugatik gertu egotea aukera ona zen herrialdetik alde egin behar zuten lekaimeak hartzeko.
Mirakruz etxearen lehen aipamena 1719koa da, eta jabea Intxaurrondo baserriaren jabe bera zen: Manuel de Aznarez. Eta Mirakruz izenaren jatorria, Serapio Mujikak dioenez, erromesek gune honetatik zuten ikuspegiari zor dio. Hain zuzen, erromesek Lezoko Santo Kristo basilikako gurutzea eta Urgulleko Motako Kristoren gurutzea ikusten zutelako gune honetatik: Mira Cruz.
Ikastetxea eraiki bitartean, komunitateak eta ikasleek Mirakruz etxea erabili zuten. Ikastetxea neogotiko estilokoa da, eta Sanson arkitekto frantziarrak diseinatu zuen. Kongregazioak Parisen zuen ikastetxea hartu zuen eredu. Eraikuntzaren ardura, ordea, Echave eta Cortazar arkitektoena izan zen –Artzain Onaren katedrala egin zuten arkitektoak–.
Bitxikeria moduan Asunek kontatu du Maria Kristina erregina askotan joan ohi zela ikastetxera bisitan, eta Andre Mari Jasokundearen egunean, abuztuaren 15ean, Jasokundearen opilaren bila joan ohi zela. Alfonso XIII.aren gustukoena omen zen. Erreginak beirate bat eman zion ikastetxeari dohaintzan, Andre Mari Jasokundearen figura duena, eta egun, eraikinaren kaperan ikus daiteke.
Parada baserria, etxerik zaharrenetakoa
Ibilaldiaren azken puntura iritsi da taldea, Parada baserrira, Mirakruz Gainera. Parada izenak jatorri gaskoia du, inguruko Arzak izenak bezala. Bai Donostian baita Pasaian ere jatorri gaskoiko komunitate garrantzitsua bizi zen. Paradaren ondoan eraikitako Parada Txiki etxeko bizilagun batek, Blanquik, hartu du hitza. Inguru honi Alto de Vinagres izena jarri ziotela gogoratu du, eta festa propioak ere bazituztela. Txiskoene eta Arzak tabernak zeuden zona honetan. Hain zuzen Juan Mari Arzaken aitonak irekitako tabernari zor dio Alto de Vinagres izena. Taberna apal bat zen, eta hango ardoaren kalitate eskasari keinu egiten dio.
Inguru honetan, Bidebieta osoan bezala, herritar xeheak eta familia aberatsak bizi zirela azaldu du. Dentsitate txikiko gune hauetan etxe umilak eta familia aberatsen jauregiak baitziren: “Gogoan dut bide honetatik jaisten zirela euren etxeetara, eta hemen inguruan zeuden janari dendetan erosten zutela”. Pixkanaka, garai bateko jauregi eta etxe handi horiek botatzen ari dira igerilekua duten etxe modernoak egiteko, eta inguruko dendak ere itxi egin dituzte.
Garai bateko ondarea eta arkitektura desagertzen ari da inguruan. Impact Hubeko Alvaro E. Olaizek gogoeta bat egin du honen inguruan: “Kezka sortzen digu garai bateko arkitektura eta etxetzar batzuk desagertzen ari direlako, baina ideia honi ere buelta bat eman beharko genioke. Dentsitate baxuko gune hauek bere horretan uzteagatik, gutxi batzuen pribilegioak betikotzen ari gara”.
Horra ondarearen eta hiri ereduaren inguruko gogoeta sakona. Hemendik aurrera, parte hartzaile guztiek desberdin begiratuko diote Bidebietari.
Taldea desegiten hasi da, eta hurrengo urtean zein auzo aukeratuko duten pentsatzen hasi dira. Berehala inprobisatu dute erabakia: hiriaren beste puntara joango dira, Ibaetara.