Euskal Herriko eta diasporako mintzalagunen topagunea izango da Donostia
Mintza Eguna egingo dute maiatzaren 27an, Donostian, duela 30 urte Mintzalaguna egitasmoa sortu zen hirian.
Euskal Herriko zein diasporako mintzalagunek egiten duten lana eta ahalegina aitortzeko, Mintza Eguna ospatuko dute Donostian. Badagoelako zer ospatu: aurten 30 urte beteko dira Euskal Herrian lehen mintzapraktika egitasmoa abiatu zenetik, eta Donostiako Bagera euskaltzaleen elkartea izan zen lehen pauso hura eman zuena. 1993ko abenduan izan zen: sei bagerakide eta euskaltegietan ikasten ari ziren beste sei lagun elkartu zirenean. Gaur egun, 7.000 pertsona baino gehiago elkartzen dira astero mintzapraktika egiteko.
Maiatzaren 27an egitarau zabala izango da euskaltzaleak elkartzeko eta topa egiteko. Mintza eguna elkarrekin praktikatzen jarraitzeko eta komunitatea sendotzeko eguna izango da. Euskaltzaleen Topagunea da antolatzailea.
Autobusak antolatuko dira, eta bazkarirako txartelak Mintzalaguna.eus webgunean eskuratu ahal izango dira maiatzaren 21era arte. Ongietorria eta hamaiketakoa egin ondoren, Beñat Gaztelumendi bertsolariarekin batera ibilaldi bat egingo dute, Donostiako musika eskolako trikitilariek lagunduta. Eguerdian izango da, eta Trinitate plazatik abiatuko dira. Beste proposamen bat ere izango dute aukeran: mintzodromoa izango da San Telmo museoko elizan.
Ondoren, elkarrekin bazkalduko dute Trinitate plazan, eta haurrentzako txoko bat ere prestatuko dute, malabareekin eta lurreko akrobaziekin, Xomorro aisialdi taldeak dinamizatuta. Arratsaldean, Gauargi taldearekin kantuan arituko dira, eta erromeria egingo dute.
Donostiara joateko aukerarik ez dutenek ere Mintza Egunean parte hartu ahal izango dute. Mundo osoko kideekin izango dute hartu-emana San Telmo museoan egingo duten mintzodromoan. Gainera, mintzodromoa bukatzerakoan esker emate ekitaldia izango da. Bertan, Mintzalaguna, Mintzanet eta Jalgi Hadi Mundura komunitateek parte hartzaieak omendu eta eskerrak emateko baliatuko dute.
2006an antolatu zen lehen Mintza eguna, Iruñean. Ordutik, urtero ospatu izan da.