Hiriko sei parketako zoladura berrituko dute
Donostiako sei haur parketako zoladura berritzeko lanen kontratua adjudikatu du udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak, 84.838 euroko aurrekontuarekin eta bederatzi astean egiteko epearekin. Montajes Garra S.L. enpresari adjudikatu dizkiote lanak, eta proiektuaren helburua da parkeetako segurtasun azalerak berritzea eta parkeen erabilera segururako baldintzak, parkeen funtzionaltasuna eta estetika bermatzea.
Zehazki, parke hauetan egingo dituzte esku hartzeak: Zuberoa plazakoan, Lugaritz-Iza parkean, Harria parkeko haurren gunean, Aita Meagher plazakoan, Sagueskoan eta Txofre plazakoan.
Horrez gain, haur parkeekin jarraituz, Altzako Txirrita Bertsolariaren kaleko jolasgune batean ehunez egindako estalki bat jartzeko kontratazio espedientea onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak, 396.626 euroko aurrekontuarekin eta lau hilabeteko epean egiteko. Orain, proiektu hori gauzatzeko lanak adjudikatzeko prozesua abiatu beharko du udalak.