Inoiz baino biztanle gehiago ditu Donostiak: 188.743
Hiriaren zahartze prozesuak aurrera jarraitzen duela eta inoizko jaiotza tasarik baxuena duela deitoratu du Eneko Goia alkateak.
Donostiako demografia datuak aurkeztu ditu Eneko Goia alkateak, eta biztanle kopuruak errekor berri bat ezarri du hirian: 2022ko abenduaren 31n, 188.743 biztanle zituen Donostiak, urtebete lehenago baino %0,5 gehiago (896 pertsona). Donostiak inoiz izan duen biztanle kopuru handiena da hori. Biztanleen %52,8 emakumezkoak dira, eta %47,2 gizonezkoak.
Auzoetako datuei erreparatuz, Amara Berrik jarraitzen du izaten auzo populatuena, 30.477 biztanlerekin (biztanleria osoaren %16,1). Erdialdea (Parte Zaharra barne) da biztanle gehien dituen bigarren auzoa (22.149) eta Altza hirugarrena (20.343). Hiru auzo horiei Gros gehituz gero (18.072 biztanle ditu), populazio osoaren ia erdia lau auzo horietan bizi dela ikus daiteke: %48,2. Bestalde, Zubieta da biztanle gutxien dituen auzoa, 298 bizilagunekin.
2022an gehien hazi diren auzoak Miramon-Zorroaga, Zubieta eta Loiola dira, eta Loiolan egonkortu egin da biztanle kopurua. Aldiz, 2021ean baino biztanle gutxiago dituzte Grosek (83 gutxiago), Egiak (81) eta Igeldok (4). Hain zuzen ere, Igeldo da biztanle gutxien dituen auzoetako bat.
“Zahartze prozesuak aurrera jarraitzen du”
Donostiako biztanleen batez besteko adinaren datuak ere eman ditu alkateak, eta deitoratu du “hiriaren zahartze prozesuak aurrera jarraitzen” duela. Hain zuzen ere, hiriko bizilagunen batez besteko adina berdin mantendu da (46,54 urtekoa da), baina jaiotza tasak behera egin du, eta zahartze indizeak gora. Bestalde, emakumezkoen batez besteko adina 48,33 urtekoa da, eta gizonezkoena 44,54 urtekoa. Era berean, 65 urtetik gorako biztanleen %58,9 emakumeak dira, eta 80 urtetik gorakoen %66,7 baita ere.
Zahartze prozesuarekin kezkatuta ote dagoen galdetuta, Goiak esan du baietz, eta azaldu du bi faktorerengatik gertatzen ari dela fenomeno hori: “Ume gutxiago izaten ari garelako eta pertsona gutxiago daudelako umeak izateko adinean. Baby boom-aren belaunaldikoak pasatzen ari gara dagoeneko, eta hurrengo belaunaldiak motzagoak dira. Hortaz, ez da soilik seme-alaba gutxiago dituztela hurrengo belaunaldietakoek, baizik eta beraiek ere gutxiago direla”. Aldiz, gazteek seme-alaba gutxiago izateko beste arrazoi batzuen inguruan –laneko prekarietatea, etxebizitzaren prezioa, eta abar– ez du aipamenik egin.
Ildo horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikerketa batek berriki erakutsi du azken hamar urteotan Donostiako 3.000 gaztetik gora joan direla inguruko herrietara bizitzera, eta, horrek eragina izan ote duen galdetuta, alkateak esan du berez “saldoa 500 gaztekoa” dela: “Donostiatik beste leku batzuetara 3.500 bat gazte joan dira, baina etorri dira beste leku batzuetako gazteak ere. Hau da, mugimenduak bi norabidetan daude. Eta, kalkulua egiten baduzu, saldoa 500ekoa da. Bestalde, Donostiako gazteen galeraz hitz egiten denean, beste fenomeno bat gertatzen da, eta ikerketa horretan azaltzen da. Ez da gazte bat joan egin dela, baizik eta gazte izateko adina pasatu egin zaiola eta hurrengo belaunaldiak motzagoak direla. Hori lurralde osoan gertatzen ari da”.
Jaiotza tasa eta zahartze indizea
Jaiotza tasa 5,58koa da gaur egun Donostian (2021ean 6,14koa zen), eta historiako tasarik baxuena da. Jaiotza tasarik altuena Loiolak dauka (8,48), eta baxuena, aldiz, Grosek (4,15). Zahartze indizeari dagokionez, 203,7koa da gaur egun Donostian, 2021ean baino 5,2 puntu altuagoa. Horrela, Gros eta Erdialdea dira zahartze indize altuena duten auzoak, eta, hurrenez hurren, auzo horietan 65 urtetik gorako 3,07 eta 3,00 pertsona daude 15 urteko pertsona bakoitzeko. Auzo gazteenak, aldiz, Loiola eta Miramon-Zorroaga dira, 65 urtetik gorako 1,2 eta 1,32 pertsona baitaude 15 urteko pertsona bakoitzeko, hurrenez hurren.
Auzoetako batez besteko adinari erreparatuz, adin handiena duten auzoak Erdialdea eta Gros dira (49 urte), eta batez besteko adin txikiena Loiolak (42 urte), Miramon-Zorroagak (43 urte) eta Aietek (43 urte) dute. Goiak nabarmendu azken hirigintza garapenak egin diren auzoak direla, hain zuzen ere, auzorik gazteenak.
Bestalde, hiriko biztanleen %25,3ak 65 urtetik gora ditu, %7,8ak 80 urtetik gora eta 113 lagunek 100 urte baino gehiago dituzte. Donostiako bizilagunik zaharrena 111 urteko emakume bat da –gogoratu behar da 2022ko abenduaren 31ko datuak direla–, eta hurrengoa 110 urteko gizon bat da.
“Belaunaldi erreleboa atzerritarren eskutik dator”
Donostian bizi diren jatorri atzerritarreko pertsonen kopuruak ere gora egin du, eta hiriko biztanleen %9,7 dira orain. Zehazki, %12,2 igo da kopurua (1.984 pertsona gehiago), eta, 2021ean, biztanleria osoaren %8,7 ziren. Horrela, Goiak nabarmendu du “belaunaldi erreleboa atzerritarren eskutik” gertatzen ari dela hirian: “Donostian jaiotako donostiarrek sortzen ez duguna atzerrian jaiotakoen ekarpenen bitartez betetzen dugu, eta hori positiboa da hiriarentzat. Hor badaukagu erronka bat, etorkizunera begira, bizikidetzaren inguruan, eta abar”.
140 nazionalitateko 18.247 biztanle daude Donostian, eta atzerrian jaiotako biztanle guztiak aintzat hartuz gero, nazionalitatea aldatu dutenak barne, 26.000 dira guztira, alkateak azaldu duenez. Horrela, hiriko biztanleriaren %9,7 hori atzerriko nazionalitatea duten herritarrak dira (18.247).
Azken urteotan izan den moduan, jatorri hondurastarrekoak dira Donostian bizi diren jatorri atzerritarreko herritar gehienak (2.394), jatorri nikaraguarrekoak daude ondoren (1.998) eta jatorri kolonbiarrekoak dira hirugarren ugarienak (1.500). 2021ean, jatorri marokoarrekoak zeuden hirugarren postuan, baina laugarren ugarienak dira orain (1.227). Bestalde, jatorri italiarrekoak 1.002 dira, eta bost nazionalitate horietako herritarrak batuta, jatorri atzerritarreko donostiarren %44,6 dira, ia erdia.