Nekane Arzallus zinegotziaren dimisioa eskatu du Haritzaldek, "gezurretan" ari dela iritzita
Haritzalde naturzaleen elkarteak Nekane Arzallus zinegotziaren dimisioa eskatu du, elkartearen ustez, “gezurretan” ari delako. Haritzalderen arabera, Belartzako afera “adar jotze etengabea” izan da, “irregulartasunez josia eta hainbat arlotan lege eta arau urraketak ekarri dituena, oinarrian interes pribatu batzuen neurrira egindako hirigintza eredu garbia egonik”.
Haritzaldek ohar baten bidez azaldu duenez, “interes orokorraren aurka” doa proiektua, eta erakunde publikoek beraiek idatzitako hirigintza eta lurralde antolaketa planen irizpide nagusiekin “talka” egiten du. “Donostiako Udalak herritarrei iseka egiten die haietaz barre eginez eta hori berez oso larria ez balitz, Justiziari berari ere bizkarra ematen dio, Auzitegiaren epaia hanka artetik pasata, betelaneko harri piloaren inguruko antzerki lotsagarria eskainiz”, salatu du Haritzaldek. Komunikabideei eskainitako informazioaren bidez, “gezurretan eraikitako errealitate paralelo bat sinestarazi” nahi izan duela gaineratu du.
2016an Belartza Goikoan harri-metaketa egin ahal izateko Donostiako Udalak eman zuen baimena “legez kontrakoa” zela nabarmendu dute. “Arau-urraketa nagusia udalak berak egin zuen, eta auzia udalaren kontra izan zen. Beraz, epaia betetzearen ardura osoa udalarena da, eta udalak aferarako erantzule Hirigintzako zinegotzia, EAJko Nekane Arzallus, izendatu du horren erantzule izendatu du. EAEko Auzitegi Nagusiak duela lau urte ebatzitako epaia oraindik bete ez denez, Nekane Arzallusi erantzukizunak eskatzen dizkiogu, eta dimisioa aurkezteko eskatzen diogu”, adierazi du Haritzaldek.
Arzallusek esandako “erdi egiak eta gezurrak”, Haritzalderen arabera
Elkarteak dioenez, 2019ko epaiak bi hilabeteko epea ematen zuen betearazpenari ekiteko. “Lau urte pasa dira eta harriak oraindik han daude”, deitoratu dute. Udal Gobernuak ia hiru urte eta erdi eman ditu betearazpen subsidiarioa antolatzeko, eta azken unean, sutatzaileek beraiek epaia beteko zutela iragarri zuen. “Hilabeteak ezer egin gabe, hilabeteak neurketak eta proiektua garatzeko eta urtebete ezer erabakitzeko. Dena nahita luzaturiko denbora horretan Arzallusek berak arau-urratzaile deitzen zien horiekin atzetik proiektu berriak negoziatzen zituen bitartean. Nekanek 2022 amaitu aurretik lanak hasiko zirela ziurtatu zuen, baina ez zen bete”, azaldu dute.
Bost hilabete hauetan hogei egunetan baino ez dira lanean aritu, materialak eskaeraren arabera ateratzen ari direlarik, Haritzaldek dioenez. “Hortaz, inolaz ere ezin da esan epaia betetzen ari denik, ez denboran, ez forman. Guztiz legez kontra doan eta baimendu ezin den jarduera industriala litzateke oraingoa eta udal gobernuak, Nekane Arzallus buru duela, onartu du jarduera ilegal hori. Zinegotziak ez du zehaztu sustatzaileei jarritako isunen kopuru osoa, eta ez du argitu ordaindu duten, baina legez kontrakoa den betelan batetik etekina ateratzea ahalbidetzen die jarduera ekonomiko ilegala babestuz eta defendatuz, epaia ez direla betetzen ari eta inoiz ez betetzeko asmoa dutela jakinda ere”, salatu dute.
Hori dela eta, udalari epaia “behingoz” betetzea eskatzen diote, eta Nekane Arzallusen jarrera “ezegokia” eta “erabilitako gezur guztiak kontutan hartuta” dimisioa aurkeztu behar duela uste dute. Dimisioa gertatu ezean, “erantzukizun guztia harengan erori ez ezik, Eneko Goia alkatearenganaino iritsiko da”, adierazi dute.